Sanikolasak

Zibak dantzan I. Ziba Lehiaketan

Karkara 2014ko abe. 6a, 16:32

12:00etan ziba txapelketa egingo da herriko plazan.

Boladaka, joan-etorrian ibiltzen da. Bai jokoa, baita ziba bera ere. Guztiok jolastu dugu gaztetan; izan egurrezkoa, izan plastikozkoa; margotuta edo gabe, 25 peztako txanponarekin ala adornurik gabe. Orain, berriz ere modan jarri da ziba jolasa. 

Ikastetxeetako irteera eta sarreretan, patioan... aisia zibarekin jolasten igarotzen dute haur asko eta askok. Banaka edo taldean. Soka zibari ondo lotu eta askatu. Eman ditzala birak; joan dadila urrutira eta itzuli dadila. Trikimailuak egiten ere ikasten dute, eta, ondoren, lagunei erakutsi. Erakutsi eta irakatsi.

Egungo tendentzietatik aldetzen den jolasa da. Ez du teknologiarekin loturarik; ez da pantaila bidez jolasten. Halaber, zibak berak eraldaketa nabarmena jasan du. Garai batean egurrezkoak ziren eta punta metalezkoa zuten. Gaur egun, ordea, plastikozkoak dira eta barrutik hutsak dira. Punta birakaria dute, hau da, errodamendu batzuei esker bueltak errazago ematen ditu.

Ziba lehiaketa herriko plazan

Aurtengo festa programaren berezitasunetako bat da, I. Ziba Lehiaketa. Etxean dituzuen zibei hautsa kendu eta dantzan jartzeko unea iritsi da. Berdin du plastikozkoa ala egurrezkoa izan; punta birakaria eduki ala ez. Parte hartzea da garrantzitsuena, giro herrikoian goiz-pasa ederra egitea.

Goizeko 12:00etan izango da lehendabiziko ziba txapelketa, herriko plazan.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!