Gabonak

San Silbestre lasterketa, ondo errotutakoa

Karkara 2014ko abe. 27a, 12:35

Abenduaren 31n San Silbestre krossa egingo da, Orion goizean eta Aian arratsaldean.

 

Urteari amaiera biribila emateko, korrika saioa egitera ohituak gaude. Abenduaren 31n izaten da, urteko azken egunean, San Silbestre lasterketa. Ondo ondutako lasterketa da, urtero-urtero jai giroan egiten dena eta urtetik urtera parte hartzea handiagoa izaten duena.

Orion, lasterketa goizean izango da. Haurrena 11:30ean hasiko da eta buelta txikia eman beharko dute. Helduena ordu erdira hasiko da, 12:00etan, eta lehendabizi buelta txikia emango dute eta, ondoren, handia.

Aurtengo izen ematea jada zabalik dago. Karelan eman daiteke izena, bertara joanda edo telefonoz 943 894 428 zenbakira deituta. Haurrentzat debalde izango da; helduek, ordea, bi euro ordaindu beharko dituzte.Parte hartzea bultzatu nahi denez, ez da saririk izango irabazleentzat eta korrikalari guztien artean zozketatuko dira sariak. Lasterketaren bukaeran, Arkaitz tabernak salda banatuko du.

Aian arratsaldez izango da lasterketa, 17:00etan. Izen ematea ordu erdi lehenago irekiko da.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!