Erronka berriei helduz

Rosi Lazkano 2014ko aza. 28a, 12:47

Gezurra dirudien arren, nahi dudanari buruz idazteko esan didatenean, duda mordoa sentitu dut. Gai bereziez edo zerbait potoloaz hitz egin beharko banu bezala idazten hasteko. Egunero bazkari-afaritarako zer jarri pentsatzeak ematen dizkidanak baino gehiago. Ohitura falta izango da. Nik idazten aspaldi ikasi nuen, gazteleraz; 14 urte bete baino lehenago utzi nion eskolara joateari.

Gogoratzen dut umea nintzela, nire ahizpa zaharragoak egunero-egunero soldadutzan zuen senargaiari gutunak idazten zizkiola; baina ni, halabeharrez, soldadutza egindako mutilarekin hasi nintzen harremanetan, eta gutunik idatzi beharrik ez. Hortik atera kontuak.

Eta orain, ia 60 urte ditudanean, euskaraz idazten ikasi behar dudala okurritu zait... Beno, ez, ikastea gehiegi esatea izango da agian; pixka bat probatu, ezagutu eta saltseatu nahi dut.

Niri gertatzen zaidana da gauza gehienek tentazioa pizten didatela: norbait korrika ikusteak, dantza ikastaroak, koruan kantatzeak, panderoa jotzeak... Guraso edo etxekoandre izateak portaera mota bat ekartzen duela pentsatzen denbora dezente ematen dudala izango da, akaso; eta egin gabe utzi ditudan gauza piloa egiteko beranduegi dela. Eta urteek, erretiroaz aparte, erakutsi didate egiten dudanaz edo ez dudanaz esaten dutenak baino garrantzia handiagoa duela nola sentitzen naizen.

Azkenean,  erronka gisa hartzen dut, urteetan geure buruari jarritako mugak gainditzea. Lehenengo aldiak beti dira zailak. Errikotxiara aurrenengo aldiz joan nintzenean ate ondoan egon nintzen dudan, sartu edo bueltan etxera itzuli pentsatzen. Gaur ez dut damu handirik barrura sartu izanaz.

Paper zuri baten aurrean jarri eta burura datorkidana idazteak adina beldur ematen dit testu hau etxeko pantailatik atera eta oriotar guztien bistan egongo dela jakiteak. Idazten ari naizena idaztea terapia moduko zerbait izan da niretzat: barrua hustu, idazteko ohitura hartu... Baina gero, zenbat duda! Hau Karkararako modukoa izango ote da? Irakurleak erakarri edo uxatu egingo ditut? Emakumeok gurekin ditugun segurtasun-gabeziak.

Dena ondo egin beharko bagenu bezala.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!