Nazioarteko estropadak

Nazioarteko estropada, badator berriro

Karkara 2015ko ots. 2a, 15:58

1968ko nazioarteko Estropada bizi izan zutenek festa jendetsua dute gogoan. 47 urtean 15 aldiz antolatu dute, azkena 2009an. Arraun elkarteak 50 urte betetzen ditu aurten, aitzakia ezin hobea berriz antolatzeko.

1968 urtea. Kaleak jendez lepo. Balkoian puxikak, etxetik etxera girnaldak. Parrilak sutan, bixiguak sutan. Txakolina basoan hausten. Bandera horiak astinduz. Moila arraunzalez beteta eta errioan Alemaniako, Belgikako, Kataluniako, Ingalaterrako eta Euskal Herriko arraunlariak. 1968ko irailaren 25ean antolatu ziren Nazioarteko Estropadak lehen aldiz.

Orioko Arraun Elkartea sortu berria zen, hiru urte lehenengo. 1965ean jaiotako elkarteak aulki mugikorraren aldeko apustua egin zuen, tradizioa galdu gabe, olinpismorantz joateko. Munduari euskaldunek arraunean zuten abilezia erakutsi nahi zioten, eta, horretarako, zer hobea Estropada Internazionalak baino?

Anbizio handiko erronka

Tostako arraunketan maisu ziren oriotarrak, eta, oro har, euskaldunak. Aulki mugikorrean, ordea, ez ziren sekula ibili, Patxi Sarasua salbu, Ur Kirolaken. Ontziak erosteko dirurik ez, eta Frantziatik ekartzen zituzten kontrabandoan. Arraunean Peter Karres alemaniarrak irakatsi zien, hilabetez Orion egin zuen egonaldian. Fisikoa, berriz, Albert Mainela atleta frantziarrarekin landu zuten. Kirol medikuntzan aitzindariak izan ziren Euskal Herrian. Behin teknika eta fisikoa landuta, aulki mugikorrean aritzeko prest zeuden oriotarrak.

1966an txapelketetan parte hartzen hasi ziren, eta 1967an lehen emaitzak jaso zituzten. Hasiberriak ziren garaian, erronka berri bat heldu zioten: aulki mugikorreko nazioarteko estropadak antolatu zituzten 1968an.

Erronka berrien aurrean beldurtu ordez, hazi egin ziren oriotarrak. Kirola ardatz zuen festa mundiala antolatu zuten. Hainbat herrialdetatik etorri ziren arraun taldeak eta estatu guztitik zaleak. Espainiako telebista publikoan emititu zituzten estropadak eta estatuko prentsan albiste izan zen. Arrakastatsua izan zen lehen edizioa, hortaz, urteroko zita bilakatu zen.

1969tik 2009ra, 15 edizio

Hurrengo urtean berriz antolatu zituzten estropadak, eta are arrakastatsuagoak izan ziren. Orio ezagun egin zen, baita Orioko ondare kultural eta gastronomikoa ere.  Orioko arraunlariek jarraitzaile asko lortu zituzten; eta arraunak, zale asko.

Ondorengo urteetan, 1976ra arte, urtero-urtero antolatu zen Nazioarteko Estropada, 1972an izan ezik.  1989 urtean berreskuratu zen, baina ez zuen jarraipenik izan 2001. urtera arte. 2004, 2005, 2006, 2007 eta 2008an ere zen estropada, baina ordutik ez da berriro antolat.

Baina, aurten, Orio Arraun Elkartearen 50. urteurrenean, berriz bizia hartuko du Aulki Mugikorreko Nazioarteko Estropadak.

Mende erdia bete du Orio Arraunketa Elkarteak

Orio arraunarekin lotzen duen lehen erreferentzia 1897ko Kontxako Estropada bada ere, arraun elkartea dezente beranduago sortu zen, 1965an, hain zuzen. Hortaz, 50 urte beteko ditu aurten elkarteak.Egungo taldekideak eta taldekide ohiak bildu, eta batzordea eratu dute urteurreneko  ekintzak antolatzeko: Oriaren Jaitsiera, Garagardo Azoka, San Miguel ligako eta KAE ligako estropadak...

Baina, bada mimo bereziz antolatzen dabiltza ekimen bat: Nazioarteko Estropadak. Sei urteren ostean, berriz egingo baita. Hamaseigarren aldia izango da estropada horiek antolatzen direla.

Apirilaren 4an, Aste Santuetan

2014ko urtarrilean hasi ziren Estropada Internazionalaren antolakuntzarekin. Lehen zirriborroa orduan egin zuten. Antolakuntzan beharko zuten diru-kopurua zenbatekoa zen zehaztu zuten. Arraun Elkartearen asmoa diruaren %25a Gipuzkoako Foru Aldundiak ematea zen, beste %25a Eusko Jaurlaritzak, beste laurdena Udalak eta gelditzen zena klubak jartzea.

Babes ekonomikoa jasoko zutenaren albistea izan zuten ekainean. Udalak baiezkoa eman zuen, hasiera-hasieratik. Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak lagunduko zutela hitzartu zuten. Finantziazio iturriak izango zituztela jakitean, urrian, buru-belarri hasi ziren lanean. Txapelketen egutegiak begiratu ostean, data ipini zuten: apirilaren 4a.

ETBrekin lehen harremanak ere urrian egin zituzten. Bilboko egoitzan bildu ziren Mikel Olazabal kirol saileko arduradunarekin, eta estropadak zuzenean emitituko zituztela adostu zuten.

Lehentasuna: Londres

Babes ekonomikoa ziurtatuta izandakoan, Ingalaterrara bidaiatu zuten Ibon Huegun Arraun Elkarteko presidenteak, Jon Carazo arraunlariak, Zigor Gazpio direktibako kideak, Jon Agirresarobe zinegotziak eta Beñat Solaberrieta alkateak.

40 orduko bidaia izan zen; egun batean joan eta hurrengoan bueltatu. Azaroaren 22an hartu zuten hegazkina, gaueko bederatziak aldera. Londresen pasa zuten gaua. Goizean goiz jaiki ziren. 9:00etan zuten lehen hitzordua, Cambridge arraun elkartearen egoitza nagusian.

Entrenatzaileen koordinatzailearen bulegoan egin zuten bilera. Cambridgeko arduradunek ez zuten duda egin, baietz esan zuten, etorriko direla. Gainera, zinez gustatu zitzaizkien Orioko Arraun Elkartearen instalakuntzak, hortaz, bidaia aurreratu dute instalazioak erabili ahal izateko. Martxoaren 29an etorriko dira Oriora. Trainerua probatzeko gogoa ere azaldu zuten.

Eguerdian bilera amaitu eta kotxean Moleseyra joan ziren, bileratik bilerara. Londresko talderik indartsuena da, azken olinpiadetan lau domina eskuratu zituena. Entrenatzailearekin eta presidentearekin bildu ziren, eta horiek ere estropadan parte hartzeko gogoa azaldu zuten. Bilera amaitu eta Ingalaterrako bi taldeak Orion izango direla ziurtasunez zekitela hartu zuten itzulerarako hegazkina.

Bi orduko ikuskizuna

Gizonezkoen estropadan 12 talde egongo dira: euskaldunak, estatukoak eta internazionalak. Emakumezkoak ere lehiatuko dira. Txapelketa formatuan jokatuko da, bost minuturo 1000 metroko estropada egingo da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!