Eder Etxeberria: "Ilusio handiarekin nago"

Karkara 2015ko ots. 23a, 09:34

Ostiral arratsaldean aurkeztu zuten Arraunetxeko Kirol Medikuntza Zentroa. BX enpresa arduratuko da bere kudeaketaz eta Eder Etxeberria izango da medikua. 

Ilusioz gainezka, gogotsu. Hasteko desiatzen zegoen Eder Etxeberria, eta inauguratu orduko martxa hartuta dute Arraunetxeko zentroan. Hasi gara, batez ere triatletekin, azaldu du. Oriotarra da Etxeberria, nahiz eta orain arte eta oraindik Tolosako Kirol Medikuntza zentroan dabilen lanean. Oriora gerturatzeko ametsa zuen, etxetik gertu lan egiteko, etxean dagoen instalakuntza paregabe horietan. Ametsa bete du, ostiralean aurkeztu baitzuten beren Kirol Medikuntza Zentroa.

Aurkezpena arratsaldeko 18:30ean izan zen, eta behin bertaratu guztiei ongietorria eman ostean, hitzaldi mordoa entzuteko aukera izan zen. Hizketan lehendabizikoa Jordi Ribas izan zen, zeinak Etxeberriaren lanerako gaitasuna goraipatu zuen. Errendimenduaren Oinarri Fisiologikoak izeneko hitzaldia eman zuen, eta atzetik, beste lau hitzaldi eta mahai-inguru bat entzuteko aukera izan zen.

Hitzaldiek protagonismo handiena izan zuten arren, aurkezten zena Kirol Medikuntza Zentroa zen. Etxeberriaren esanetan multidiziplinarra da beren eskaintza, eta horrek balio gehigarria ematen dio gainontzeko zentroekin alderatuz gero. Esfortzu probez gain, nutrizio-kontsultak, fisioterapia eta abar ere landuko dira.

Edonor joan daiteke bertara, bai kirolali profesionalak, bai amateurrak. Kirol Medikuntza Zentroa joan nahi duenak Karela kiroldegian eskatu beharko du ordua, berek kudeatzen baitute zentroko agenda.

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!