Hauteskundeak

Beñat Solaberrieta: "Alkate zara eguneko hogeitalau ordutan"

Karkara 2015ko mar. 2a, 13:53

Zergatik hasi zinen politikan?

Gaztetatik herrigintzan parte hartu dut,  Txurrumuskin batik bat. Gustuko dut herriaren alde eta herritarrekin talde lanean aritzea, oso gaztetatik ohitu naiz ardurak hartzera. Alkate lana herrigintza da politika baino gehiago, horrela ikusten dut. Naturala izan zen saltoa, garai historiko batean emana gainera. Horregatik, herriko eragileen baldintzak hobetzea izan da lehentasuna, lanean ari den jendeari baliabideak ematea delako Orioko Udalaren egiteko nagusienetakoa.

Eta zergatik utziko duzu?

Politika bizi dut baina ez dut politikatik bizi nahi. Duela lau urte esandako hitzak dira. Politika ofizio bihurtzen denean malo. Ez naiz hauteskundeetara itzuliko baino herrigintzan lanean jarraitu dut, alkate berriaren ondoan egongo naiz alderdi batekoa edo bestekoa izan. Profesionalki bide luzea daukat aurretik: irakasle lanera itzuli nahi dut, gela barruko lanetan esperientzia hartu.

Zer eman dizu urte hauetan politikak?

Asko ikasi dut, izugarri. Aurrera begira kokapen handia eman dit. Ikasten duzu jendeak nola pentsatzen duen, babestu edo defendatzen duen horren alde zer egiteko prest dagoen. Ikasi dut inori aterik ez ixten, denei entzuten saiatu naiz, elkar ulertzen, kritikak ikasgai bihurtzen, akatsak ez errepikatzen. Denok pertsonak izanda sentimendu batzuk ezkutatzea ezinezkoa den arren enpatia landu dut. 

Zein izan da zure momenturik onena? Eta txarrena?

Momentu onak asko: alkatearentzat ez dago herriko plaza beteta ikustea bezalakorik, legealdi honetan dezentetan lortu dugu hori. Eztabaida luzeko proiektuak gauzatu eta herriak ondo hartu duela ikustea ere ederra da, Herriko Plaza edo Goiko Kale asteburutan ixtean gertatu den bezala. Legealdiko momentu txarrena ere ondo gogoan dut: Motondo ureztatzeko diru-laguntza lortu eta EAJ eta Orain alderdiak proiektua ez gauzatzeko bozka eman zutenekoa.

Zertan aldatu du zure bizitza alkate izateak?

Ez dizut esango gaizki bizi izan naizenik, baina asko baldintzatzen du. Herriko alkatea zara eguneko hogeita lau ordutan. Udaletxean eta tabernan herritar guztien alkate zara eta jendearen jarrera ez da zurekiko berbera. Hori bai, oso garbi neukan: alkate izan arren ez diot herrian bizitza soziala egiteari utzi, akabo bestela. Lehen egiten nituen gauza gehienak egiten jarraitu dut. 

Hemendik aurrera nola bizi nahi duzu politika?

Ez da legealdia amaitu, maiatza bitartean lan asko daukagu. Garbi daukat herriko alkateak ezin duela bat-batean ihes egin, duela lau urte ondo sufritu genuen hori. Orioko alkate berria, edozein alderditakoa izanda ere, ez da bakarrik egongo zeregin berrietan. Alkate postua ez da alderdiarena, herriarena baizik. EH Bilduko lantaldean jarraituko du, lanean.