Nazioarteko estropadak

Denbora luzez amestutakoa iristear da

Urte berezia da Orio Arraunketa Elkartearentzat, 50 urte bete baititu. Urteurren berezi honetan Nazioarteko Estropada antolatzeko ilusio zuten, eta ametsa bete dute. Apirilaren 4an izango da egun osoko festa.

Oso pozik eta oso ilusionatuta. Horrela daude Nazioarteko Estropadak aurkezteko beren aletxoa jarri duten eragile guztiak: Orio Arraunketa Elkarteko kideak, Orioko Udalekoak, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendariak eta Babyauto babesleko arduradunak.

Ate joka dago egun handia, apirilaren 4a, Nazioarteko Estropadak izango direna. Arraun mugikorraren aldeko apustua egin dute, apustu irmo bezain ausarta. Sendotu egin nahi dutela duela sei urtetatik antolatu ez den Nazioarte Estropada, baina baita aulki mugikorreko arrauna ere. Prentsaurrekoan izan diren guztiek berretsi dute hori. 

Antolatzaileak ez ezik, herritarrak ere ilusionatuta egotea nahi dute. Udaran izaten den arraun giroa Aste Santura ekarri nahi dute, eta herriko balkoiak bandera horiz josi nahi dituzte. Herritarrak ere horiz jantzi eta kalera irteteko deia egin du Beñat Solaberrieta alkateak. Horiz tindatu nahi dute Orio.

Estropadak arraunetxe parean hasi eta plaza inguruan amaituko dira. ETBk emitituko du estropada, eta berau Mutiozabal ingurutik grabatuko dute. Epaileak ere han kokatuko dira, hortaz, lehen kalea plazatik urrutien dagoena izango da. 

Eta eguneko ekitaldirik garrantzitsuena estropada izan arren, ez da hori izango antolatuko duten ekintza bakarra. Goizean goizetik Babyauto gunea jarriko dute martxan plazan. Eremu horretan haurrek tailerrak eta jolasak egin ahal izango dituzte. 11:30ean Nazioarteko Estropadan parte hartuko duten taldeen aurkezpena egingo dute plazan. Ordu erdira, 12:00etan, Txaranga lehiaketa izango da. Hiru txarangek hartuko dute parte: Asturiasko Miravallesek, Herrialde Katalanetako Vinardellsek eta Orioko Talai Mendik. Bakoitzak hiru pieza jo beharko ditu, eta, horietako bik, derrigor, Aliron eta We are the champions izan beharko dute. Arratsaldean, 16:15ean, Nazioarteko Estropadak hasiko dira eta 17:40ean Sariak banatuko dira. Sariak banatzeko moilan plataforma bat jarriko dute. 

Urratsak berdintasunerako bidean

Emakumezkoak nahiz gizonezkoak lehiatuko dira Nazioarteko Estropadan, eta alkateak berdintasunerako bide hori nabarmendu nahi izan du. Etorkizunean kirol guztietan aukera berberak izatea espero du, eta bide horretan urratsak eman behar direla azpimarratu du. 

Iñaki Arostegi Arraunketa Elkarteko idazkariak azaldu duenez gizonezkoetan 12 taldek hartuko dute parte eta zortziko aulki mugikorrean arituko dira: Cambridge eta Molesey ingalaterratik, Caminhense Portugaletik, Frantziako Bordeaux, Herrialde Katalaneko Banyoles eta Amposta, Tui-Miño Galiziatik, Labradores eta Sevilla Andaluziatik, eta Euskal Herrikoak Aviron Baiona, Santiagotarrak eta Orio. 

Emakumezkoak lauko aulki mugikorrean arituko dira: Kataluniako Banyoles eta Amposta, Tui-Miño galiziarra, Andaluziako Labradores eta Sevilla, eta Euskal Herriko Aviron Baiona, Santiagotarrak eta Orio.

Hamairu estropada jokatuko dira guztira, eta, talde bakoitzak, bi jokatuko ditu gutxienez –gizonezkoetan A finala jokatzen dutenek 3–. 700 metroko distantzian egin beharko dute arraun, Arraunetxetik plaza parera. 20 metroko zabalera duten lau kale egongo dira.

Estropadak ikusteko hamaika aukera

Zaleengan pentsatu dute hasiera-hasieratik, eta estropada ahalik eta ondoen ikusteko aukera eman nahi izan diete. Estropada lehorretik ikusi ahal izango dute, hasieratik amaieraraino. Moilatik paseoan joanez gero, guzti-guztia ikusi ahal izango da, azaldu du Arostegik. Horrez gain, plaza parean, 250 lagun kabituko diren harmaila jarriko dute. Hamailera joateko sarrera erosi beharko da; sarrerak datorren astetik aurrera jarriko dizute salgai herriko hainbat saltokitan.

ETBk zuzenean emitituko duela aprobetxatuko dute, eta Mutiozabal inguruan pantaila erraldoi bat jarriko dute, estropadak eroso ikusi ahal izateko. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!