“Kirola oso erreminta egokia da sozializaziorako eta integraziorako”

Karkara 2015ko api. 29a, 15:53

Berdintasuna guztientzat aukera berdinak edukitzea bezala ulertzen dute. Ulerkera horretan, guztiok kirola egiteko aukera izateko ari dira lanean. Duela hiru urte sortu zen Berdin-berdinak elkartea eta Orioko Karela kiroldegian egiten dute beren kirol jarduna.

Aurora Makazaga, Blanca Aranguren, Miren Salsamendi eta Alicia Figueroa

Berdin-berdinak elkarteko eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko kideak

Kosta egiten zaigu maite zaitut esatea; eta ezpainak ireki gabe egiten ahalegintzen gara; begirada galdezkorrak bidaltzen ditugu  galdetu beharrean; eta, ezjakintasunaren mamuak jaten gaituenean, eskua ezkutatzen dugu eman ordez.

Beldurraren beldurrez, zuzentasunari men egiten eta errespetuaren kanonak errespetatze aldera, besteen arazoak habi abandonatu izateko soka finean bilintzi-balantza jartzen ditugu. Arazoa gertu bizi dugunean, ordea, mugak erronka bihurtzen dira.

Eta, duela hiru urte, erronka berri baten aurrean jarri ziren Berdin-berdinak taldeko kideak. Pertsonekin egiten dute lan, neutraltasunetik eta aniztasunetik, oztopoak oztopo, kirola egiteko eskubidea berdin-berdina baita denontzat.

GKEFren barruan kokatzen da Berdin-berdinak.

Alicia Figueroa: 2003an jaio zen federazioa. Kirol zerbitzu-sorta zabala eskaintzen dugu, betiere ahanzturan utzi  gabe duela hamabi urte finkatu genituen baloreak.Oso presente daukagu pertsonengatik eta pertsonentzat lan egiten dugula eta guztiek aukera berdinak eduki behar dituztela.

Blanca Aranguren: Berdin-berdinak, kirola egiteko herritik atera behar zuten gazteen ekimenez sortu zen. Herrian kirol instalakuntza onak eduki arren, laguntzarik ez zutenez, kanpora joan behar izaten zuten. Hortaz, behar batetik jaio zen elkartea.

Zorrotza dirudi, baina horrela da, egin zutena eskubideen defentsa besterik ez zen izan.

Kirola egiteko eskubideaz ari zarete.

Figueroa: Guztiok dugu eskubidea kirola praktikatzeko. Horretan ari gara buru-belarri, bakoitzaren beharraren arabera, kirola egiteko aukera izan dezangun egiten dugu lan.

Aranguren: Asmo horrekin sortu zen taldea. Eta, gainera, ez zen eraiki gaitasun ezberdina zutenentzat; guztientzat irekia da Berdin-berdinak. Eta, balio erantsi bat gehiago ere badu: kide diren pertsonek onartuak sentitu behar dute, egiten dutena –eta ez egin ezin dutena– baloratzen den talde bateko partaide.

Figueroa: Haur autonomoagoak eta menpekoagoak daude eta bakoitzaren beharrak ezberdinak dira. Behar horietara egokitzen gara gu.

Hiru urte igaro dira hasi zinetenetik.

Aranguren: Gaur egun denetik daukagu taldean: mutilak, neskak, gazteak, helduak,  urritasuna duten eta ez duten pertsonak... denetik dago, guztiz irekiak gaude, baina bi baldintza bai ala bai errespetatu behar dira: kuota guztientzat berdina izango da, urritasunak ezin du gastu ekonomiko gehigarria izan.

Mundu guztia onartzen dugu. Ez diegu adinari, sexuari, gaitasunari, ideia politikoei eta antzerakoei begiratzen. Guztiz neutroa da.

Zuen eskaintza, ordea, anitza al da?

Aranguren: Hiru urteko bidea egin dugu eta egun lehiaketan parte hartzen duten igerilariak daude taldean, baita lehiatzen ez direnak ere; orain arte pilotan ere ibiltzen ziren Orioko frontoian, baina orain Amasara joaten dira; eta, areto futboleko saioa egiten dugu astean behin.

Aurora Makazaga: Talde ezberdinetan banatzen ditugu, gaitasunaren eta beharren arabera. Astean hirutan igeriketa egiten dugu eta lehorrean pilates ere egiten dugu.

Aranguren: Oraingoz eskatu dituzten beharrei erantzuna eman diegu, baina, jakin badakigu behar gehiago daudela. Hortaz, laguntza behar duenak jo diezagula atea momentua ikusten duenean.

Kirola lagungarria dela uste duzue, beraz.

Figueroa: Kirola oso erreminta egokia da guztien parte hartzea sustatzeko, gizartearen barruan egoteko; baina, maiz, gizarte-bazterketa dakar.

Lehian zentratzeak dakar bazterketa hori?

Aranguren: Lehiaren esparruan sartu eta ez dira gainontzeko baloreez ohartzen.

Berdin-berdinaken beste balore batzuk lantzen dira, beraz.

Aranguren: Gure taldera gerturatzen denak hori du irabazteko, balioetan aberastu egingo dela.

Makazaga: Politena balio horiek egunerokoan ikustea da. Elkarren artean laguntzen  dira. Eta, gainera, herrian ere ikusten direnez, harremana egiten dute.

Aranguren: Magikoa da hori. Desgaitasun guztiz ezberdina dutenak elkarrengana gerturatzen direla ikusteak guztiz merezi du.

Sozializatzeko tresna egokia da kirola zuzen erabiliz gero?

Salsamendi: Onuragarria da, maila askotan, ez bakarrik harremanak izateko arazoak dituztenentzat.

Figueroa: Badira kasuak kaletik burumakur ibiltzen ziren jendearenak, kiroldegira joateko kapaz ez zirenenak. Gainera, kiroldegiko beirateak ez du batere laguntzen. Baina, pausoak pixkanaka eta mimoz emanda, orain, ziurrago sentitzen dira. Autoestimua asko lantzen da.

Salsamendi: Autoestimuaz gain, buruaren eta gorputzaren lanketa, autonomia pertsonala... hainbat helburu lortzen dira.

Familientzat ere lagungarria da, ezta?

Aranguren: Semea edo alaba kirola egiten hasi eta beren burua aurkitu duten gurasoak ere baditugu. Izan ere, badirudi gizarte honetan estandar batzuen barruan bizitzeko jaioak garela. Ingurukoek dutena espero duzu, eta, horrela ez denean, guztia hankaz-gora jartzen da.

Kasu horietan, ez duzu denborarik kirola egiteko ere. Eta, haurra Berdin-berdinaken dabilenetik, kirola egiteko tartea ateratzen duzu. Bizi kalitatea hobetu egiten da, nabarmen; lehen egunean kopetilun etortzen ziren gurasoak orain bizipozez datozela ikusten duzu.

Figueroa: Informatzeko ere balio die hona etortzeak.

Desgaitasunak ez dituztenentzat ere aberasgarria da, ezta?

Salsamendi:  Niretzat etengabeko ikaskuntza ari da izaten.

Figueroa: Balore ugari barneratzen dituzte, pertsona bezala aberastu eta hazi egiten zaituztenak.

Aranguren: Inork ez daukagu gaitasuna guztia ongi egiteko. Bihar edo etzi zerbait gertatu eta gu egon gaitezke egoera horretan. Hortaz, mimatu egin behar dugu Berdin-berdinak.

Herritarrek mimatzeko garrantzitsua da herriaren erdian kokatzea erabiltzen dituzuen instalakuntzak?

Aranguren: Herriaren bihotzean dago Karela, erdi-erdian. Oso garrantzitsua da hori, ezagutzera ematen gaituelako, ikusi egiten gaituztelako. Horrek balio handia dauka.

Zuek zuen lana mimoz egiten duzue behintzat.

Aranguren: Mimoz eta pasioz. Funtzionatzen duela ikusten dugu, emaitza onak lortzen ari garela.

Makazaga: Gradu amaierako lana egiten ari naiz, eta bertan frogatzen da onurak ekartzen dituela egiten dugun lanak. Oso motibagarria da hori.

Eta erabiltzaileek ere onuragarria zaiela esaten dizuete?

Aranguren: Neurtu dezakeguna beren ilusioa da. Eta hor, argi ikusten da, gero eta ilusio handiagoarekin etortzen dira. Hori sintoma argia da.

Figueroa: Hautematen dugun hori datuen bitartez adieraztea da gure ondorengo eginkizunetako bat.

Kirolaz gain, bestelako ekintzak ere egiten al dituzue?

Aranguren: Txokolate tailerra egin genuen Errenterian, arraunean ibili gara, zaldian, Donostiako gabarroira joan gara, Akuariumean lo egin dugu marrazoen azpian...

Figueroa: Londresera ere bidaiatu dugu. Taldeko bik horrelako esperientzia bat bizi nahi zuten eta guk lagundu egin genien. Olinpiadak izan zirenaren aitzakiarekin, hara joan eta kirol instalakuntzak ezagutu zituzten.

Azkenik, zuekin kirola egin nahi duenak nora jo behar du?

Salsamendi: berdinberdinak@gmail.com helbidean edo facebooken Berdin-Berdinak profilean aurkituko gaituzte.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide