Hauteskundeak eta ingurumena

Arturo Elosegi eta Eneritz Odriozola 2015ko api. 29a, 16:16

Azkenekoak atzo izan zirela ematen du, baina hara non hauteskundeak ditugun berriro. Politikariak leloak astintzen, hedabideak propaganda betean, herritarrak nazkatuantxean.

Hala ere, Eneritz, nago hauteskundeek, agintariak aukeratzeaz gain, beste zerbaiterako ere balio beharko luketeela: gai garrantzitsuak agendan sartzeko eta programen koherentzia bermatzeko behintzat bai. Politikariek maiz harrituta uzten naute: gaur sekulako kezka klima berotzen ari zaigula, eta bihar, berriz, poza autoen salmentak gora egin duelako, bien artean inongo loturarik ez balego bezala. Gaur espantuka uholde-arriskua dela, bihar harro-harro industria poligono berri bat ibai ertzean inauguratzen.

Munduan ditugun ingurumen-arazoen tamaina ikusita, harrituta geratzen naiz zeinen garrantzi eskasa ematen zaien partidu gehienen hauteskunde-programetan.

Superpopulazioa? Klima aldaketa? Itsas-mailaren gorakada? Gure kezka bakarrak immigrazioa edo Atotxako zelaiaren berritzea balira bezala.

Hala ere, txarrena ez da programetan ematen zaien garrantzia. Txarrena da ikustea hauteskundeak irabazi bezain laster ingurumena agendetatik erortzen zaiela, beste edozein gai baino lehenago. Beraz, politikariek aurreko legegintzaldietan egindako lana botoen bidez baloratzeko ere balio beharko lukete hauteskundeek. Hor ere badugu lana, hautestontziak zakarrontzi bilakatu ez ditzaten.

Lau urte bai, Arturo. Alde ederrean nago gaur egun. Lelorik, programarik edo banderarik astintzen ibili gabe. Begira nago, kanpoko harmailetan eserita, jokaldiak behatuz. Horrela zeinen lasai egoten den bat!

Erraza da gogoak eta asmoak botatzea, legegintzaldia hasi aurretiko promesak egitea. Baina, gero gehiengorik ez badago, zaila da horiekin aurrera egitea. Eta zaila da, baita ere, ingurumena gu bezala ulertzen duten pertsonekin topo egitea. Askotan sentsazioa baitut irla bakan bat garela. Lantzen ditugun gaiak askok ulertzen dituzten bezala, elkarreraginik ez balute bezala, aparteko irlak balira bezala: hondartza, Motondo, mugikortasunaren txostena, hondakinak…

Nola egon hondartza duin baten alde eta hondakinen kudeaketa on baten aurka?Era guztietara, aurreko legegintzaldian ikusi dut bilakaera positiboa. Atzeman ditut saiakera onak: ‘hirigintza, ingurumena, ogasuna eta pertsonala’ batzorde bakarra izan dugu, esaterako. Baina asmo naturzaleek ez dute gehiengorik izan, tamalez. Irlak izaten jarraitu dute.

Horregatik, gu ulertzen gaituzten horiek, gauden irla bakan hau kontinente handiarekin bat egiteko aukera izan dezaten nahi dut. Pangea handi bat sortzeko bitartekoak izan ditzatela datozen lau urteetan. Gure gaiak gizarteko beste guztiekin sinergian aritzeko. Modu horretan, zaborrontziak ez dira gehiago hautesteko gai izango.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!