Hauteskundeak

Emeterio Iribar: "Orioren etorkizunerako ezinbestekoak diren gakoak aurkeztu dira"

Karkara 2015ko mai. 18a, 09:44

Orioko EH Bilduk ekitaldia egin zuen ostiral iluntzean, arratsaldeko 19:00etan hasita. Bizikletak hartu eta herriko hainbat gune bisitatu zituzten.

Nor gara? Nora goaz? Galdera horiei erantzuten hasi zuen ostiral iluntzeko ekitaldia Emeterio Iribarrek. Gure nortasuna, izaera eta etorkizuna guk geuk aukeratu dezakegula aipatu zuen. Etorkizunera begira jarrita, 2030ko Orio erabakitzeko garaia dela ere azpimarratu zuen.

Maiatzaren 24an hautes-ontziak betetzearen garrantzia azpimarratu zuen. Etxean ez gelditzeko eskatu zuen. Bozkatzeko. Eta, botoa ematerakoan, eguneroko bizitzan sortzen zaizkigun arazoei erantzuteko estilo bat bozkatuko dugula adierazi zuen. Udaleko erabaki guztiek eragiten digutela, hortaz, maiatzaren 24a alderdien arteko partida bat izan ordez, udal neurriak aplikatzeko programen talka-eguna dela gaineratu zuen Iribarrek.

Baina, hauteskunde hauetan, Udalean nor egongo den erabakitzeaz gain, Gipuzkoa guztiarentzat nahi dugun eredua aukeratuko dugu. Emeterio Iribarren ustetan EH Bildu bozkatzeko hamaika arrazoi daude. Batetik, EH Bilduk Piliku plaza biziberritu nahi duelako, erdigunetik urrun bizi direnei herriko zerbitzuak eskura jarriko dizkietelako, Motondo eta hondartza berreskuratuko dutelako, parke bat estali, kanpinari beste bultzada bat eman, Ontziola eraberritu, gizarte zerbitzuen kalitatea hobetu, ongi etorri Oriora programa eta harrera protokoloa gauzatu, %80a birziklatzeko neurriak hartu, etxebizitza hutsei irtenbidea eman, natur guneak babestu, mugikortasun eta irisgarritasun printzipioak aplikatu...

Beren asmo guztiak kopla batzuetan bildu zituzten, eta horiek kantatu zituzten panderoaren eta trikiaren laguntzarekin. Horrez gain, EH Bildu euskalduna eta euskalzalea dela azpimarratu du Iribarrek. Sentsibilitate asko dituen talde anitz eta aberatsa da, irekia, gardena eta parte hartzea sustatzen duena. Parte hartze hori, besteak beste, Orio 2030en islatzen da, herritarren beharretan oinarritu nahi baitu Plan Orokorra. Aurrekontuak ere herritarrekin partekatu ostean aurkeztu eta jendaurrean erakutsi ditugu, eta festetako aurrekontua ere publiko egin ditugu, azaldu du Iribarrek.

EH Bilduk herritar guztientzat lan egiten duela azpimarratu nahi izan du. Ez dute herritarren arteko mailaketa edo bereizketarik egiten, guztiek dituzte EH Bilduko eta alkatearen bulegoko ateak zabalik.

Hori guztia Oriori dagokionean, baina, Gipuzkoako eredua ere aukeratuko denez datozen hauteskundeetan, horren gainean ere jardun zen Iribar. Gipuzkoa garbi bat nahi dugu, errausketarik gabeko Gipuzkoa bat. Ez dugu ez Bidegi ez Kutxabank operaziorik nahi. Gipuzkoa parte hartzaileago eta gertuago bat nahi dugu. Garraio sistema bateratu eta egokitu bat duena, denon artean eraikia.

Beren ardatzetan oinarritutako ekitaldi ibiltaria

EH Bilduko alkategaiaren hitzaldiaren ostean, bizikletaz ekitaldi ibiltaria egin zuten. Hitzaldian zehar aipatutako ideiak kontzeptuetan bildu zituzten eta ibilaldian zehar argazkiak atera zituzten kontzeptuaren pankartarekin.
 
Ibilaldia plazan hasi zen eta hortik Goiko kaleko Pilikura joan ziren, berau biziberritu nahi baitute. Berriz plazara jaitsi ziren eta moilan ontziola zaharraren egoerari keinu egiten bigarren argazki bat atera zuten, eraberritu leloarekin. Hortik kanpinera joan ziren eta bultzatu pankarta erakutsi zuten. Handik hondartzara, berreskuratu egin nahi baitute.  Hondartzatik Baxoaldeko parkera joan ziren, estaltzeko asmoa baitute. Eta, handik, Anibarko portuan, Motondo atzean zela, berreskuratu eta birziklatu pankartekin argazkiak atera zituzten. Handik plazara bueltatu ziren, ekitaldiari amaiera emateko.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!