Hauteskundeak

Orio 2030 urtean nolakoa izango den antolatu nahi da, eta gehien bat, azpiegituren inguruan hitz egiten da. Zuek buruan eta programetan zein azpiegitura dituzue?

Karkara 2015ko mai. 19a, 16:08

Iribar

Plan Orokorra oso dokumentu garrantzitsua da, denon artean egin behar duguna. Horretan ari gara. Ikuspegia aldatu behar da, hori bai, ez da soilik etxebizitza eta azpiegitura lantzeko, herri estrategia bat zehaztera goaz. Izaera hizkuntzan, politika sozioekonomikoan, etxebizitzen beharrean, ingurumenean...

Arloz arlo estrategia bateratu bat garatu behar da eta hori gauzatzeko proposamen zehatzak egin. Herritarrekin elkarlanean. Gaur arte egin dena berria da Orion. Bost informazio saio egin dira eta jendearen erantzuna ona izan da. Iradokizunak egiteko epea maiatzaren 3an bukatu zen eta Orioko EH Bilduk, taldean dokumentua sakon aztertu ondoren, proposamenak egin ditu.  Amaierara arte eredu parte hartzaile honekin jarraitu nahi dugu.

Konparazioak ezin ditut saihestu. Burura etortzen zait duela hamabi urteko dokumentuan EAJk egindako la nketa. Goitik beherako jarrera itxi baten ondorioz haserreak sortu ziren. Prozesu luze eta korapilatsua izan zen, bidean hamaika dolu eta sentitze izan zituena. Uste dut hori ez dela errepikatuko egun daukagun plan orokorrarekin.

Zaldua

Orio herri txikia izanda azpiegituren inguruan ondo osatuta dagoela iruditzen zaigu. Aski da Arraunetxea, eguneko zentroa, anbulatorioa, ikastetxeak, kiroldegia, kultur etxea, gaztelekua, egingo den ludoteka, kosta tailerra eta ditugun beste hainbat azpiegitura erreparatzea. Nahiko ondo gaude azpiegituraren inguruan.

Oriora azpiegitura ia horiek guztiak EAJk egindakoak dira. Ondo gaude, baina, zer falta da? Horrekin bakarrik konformatzen gara? Ez da horrela.

Iruditzen zaigu zona industriala garrantzitsua dela, baita saihesbideko zubia ere, irteera emango baitio industriari.

Eta, Orion, menpekotasuneko pertsona helduen egoitza egitea oso interesgarria dela iruditzen zaigu.

Horien beharra dagoela ikusten dugu. Gu saiatuko gara horiek  Orion, egiten. Kontuan izanda gure ardatza beti pertsonak izango direla, eta oriotarrentzat askoz ere egokiagoa izango da egoitza Orion izatea beste herri batera joatea baino.

Uranga

Herritarron nahia jaso behar du Plan Orokorrak. Guk, etorkizun hurbilean zer nahi dugun badakigu, baina 2030 urtera begira ari gara. Oraingo nahiak jasotzeaz gain, beharko ditugunak ere aurreikusi behar ditugu. Bost bilera egin dira eta partaidetza oso eskasa izan dutela iruditzen zaigu, bilera jendetsuenean orain baino gutxiago geunden.

Orion jende asko isilik gelditu da, era batera edo bestera, Udalaren lana da horiengana ere iristea. Plan Orokorrean  Ortzaikan zubia egin ala ez; Dike, Palotas edo Mutiozabal garatu, ontziola egin, autopista azpia eta Txurruka lotuko dituen zubia egin, bidegorri sarea jarri,  Motondo, hondartza, frontoia lekuz mugitu.... bezalako erabakiak hartuko dira. Frontoiaren 3D planoak garatu zituen pertsona batek, eta horiek jendaurrean jartzea eta horien artean erabakitzea aukeretako bat izan daiteke.

Izan ere, guk hemen ikuste duguna da 5.816 pertsona gaudela Orion gaur egun, eta iruditzen zaigu partaidetza ez dela esanguratsua izan. Nik behintzat bozka eman behar badut zerbaiten alde ez dut gustura eta lasai emango. Ez zait iruditzen horrela jakingo dugunik herri honek zer nahi duen.

Domingorena

Ez garenez ez gobernuan, ez oposizioan egon, ez daukagu informazio nahikoa plana kritikatzeko edo goraipatzeko. Bai esango genuke, Miriamek esandakoaren harira, partaidetza agian eskasa gelditu dela. Horri heldu egin behar zio eta sendotu egin behar da. Bestalde, ingurumen irizpideak ez direla aintzat hartzen iruditzen zaigu.

Guk uste dugu udalean gabezia dagoela. Momentu honetan Orioko Udalak ez daukala ez ingurumen teknikaririk, ez ingurumen sailik. Pentsatzen dugu azpiegituraz hitz egitea ondo dagoela baina beharrezkoak direla baliabide teknikoak eta giza baliabideak. Nahiz eta zinegotzi bat egon sektorean lanean, teknikari baten beharra dagola uste dugu. Plaza berriak sortuta edo barne antolakuntza moldatuta, pentsatzen dugu egokia dela lanpostu berri bat sortzea; teknikari bat edukitzea ingurumen irizpideen inguruan dakiena.

Hondartza, Motondo, draga, espazio erreserbatuak, bidegorria… hainbat gai daude non irizpide tekniko eta kualifikatuak  behar diren, ezagutza behar den. Orduan, gu udalen gaudenen, proposamenetako bat ingurumen teknikari bat hartzea izango da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!