Sanpedroak 2015

Festen bezperan, ekintza ugari

Karkara 2015ko eka. 25a, 10:26

Deiadarra igandean izango da, 28an, baina larunbatean festa giroa izango da herrian, goizetik hasita.

Iazko arrakasta ikusita, bigarrenez antolatu dute areto futbol txapelketa. Karela kiroldegiko kantxan bilduko dira herriko futbolari eta futbolzale guztiak. Kiroltasunez emango zaio, beraz, hasiera festari. Izan ere, txapelketaren helburua lagun artean kirola egin eta ondo pasatzea da. Dena den, irabazleek saria izango dute. Txapeldunak 300 euro eta kopa eramango ditu etxera, bigarren sailkatuak 200 euro eta kopa, eta hirugarrenak 100 euro.

11:00etan eskolarteko bertsolari txapelketako finala izango da. Txikienek errimak egiteari ekingo diote ordu horretan, herriko plazan. Txapelketa amaitzean, ordea, ez da festa amaituko bertsolari gazteentzat, bazkaria eta kontzertuak izango baitira herriko erdigunean.

12:00etan 12 urte bitarteko gazteen artean bela erakustaldia izango da. Baina hori ez da eguneko urpeko ekintza bakarra izango, 13:00etan triatloia abiatuko baita ikastola aurreko plazatik. Triatloian hiru kirol uztartu beharko dituzte: bizikleta, igeriketa eta lasterketa.

Iluntzean musikaz gozatzeko bi aukera izango dira. Batetik, Coral Aires de Candas eta Salatxo abesbatzak kontzertua emango dute elizan; eta, bestetik, DJak izango dira plazan. Lehendabiziko kontzertua 20:15ean izango da eta bigarrena 24:00ean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!