Sanpedroak 2015

Igandean egun osoko egitarau oparoa

Karkara 2015ko eka. 26a, 15:08

Igande iluntzean botako dute festen hasiera iragartzen duen deiadarra, baina, egunean zehar festa ez da faltako Orion.

Txorien kantuekin esnatuko da Orio igandean, ekainaren 28an. Txorien kantu lehiaketa izango da Mendibeltz futbol zelaian, 9:30ean hasita, iaz bezala. Pasa den urtean jende mordoa bildu zen, harmailetan jende ugari batu zen eta parte hartzea ere handia izan zen. Aurten ere giro hori izatea espero da.

Eguerdiko 12:00etan lau ekintza hasiko dira. Batetik heriotzik gabeko arrantza lehiaketari emango zaio hasiera moilan. Moilatik gertu, plazan, Gipuzkoako bigarren mailako aizkolari txapelketaren 2. kanporaketa izango da. Plazan bertan txahal pintxoak banatuko dituzte txapelketa hasi orduko eta Talai Mendi txaranga ere herria girotzen hasiko da ordu berean, leku berean.

Arratsaldeko 17:00etan haurrek pilotako finalak izango dituzte eta helduek palako finalak. Herriko frontoian jokatuko dira final horiek.

19:00etan Peiok eta Nikolasak kultur etxetik abiatuta herrian barrena dantza egingo dute, txistulariekin batera. Herritarrak ere kalejiran parte hartzea gonbidatzen dituzten.

Handik ordubetera, 20:00etan, ofizialki festei hasiera emango zaie. Deiadarra izango da plazan. Dantza, musika eta abesbatza; herriko hiru elkarteen artean girotuko dute plaza. Loretxu tabernakoek egokituko zaie banderak igotzea.

23:00etan kontzertua izango da, Niña Coyote eta Chico Tornado lehendabizi eta Gozategi herriko taldea ondoren.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!