Arrauna 2015

Asteburuko hiru estropadak hasteko mugarri politak

Karkara 2015ko eka. 30a, 08:35

Argazkia: San Miguel Liga

TKE ligako lehen estropada izan zen igandean eta Oriok hirugarren egin zuen. Emakumezkoek Gipuzkoako Ligan jokatu zuten eta B taldeak ere estropada izan zuen.

Ez da hasiera txarra. Banderarik ez, garaipenik ez, baina mugarri polita ezarri dute hiru taldeek. B taldeak iazkoa baina maila hobea eman du eta sailkapenean koska batzuk gora igotzea lortu dute. Neskak urtero joan dira hobetzen eta oinarri sendoko taldea izatea lortu dute. Lehen aurrenekoen artean egoteko lehiatzen zuten eta orain aurrenekoen artean ziurrak dira. San Miguel Ligan ere txukun aritu dira etxekoak.

Hobetzen joateko asmoa

Malagan jokatu zen San Miguel Ligako lehen estropada. Oriotarrak lehen tandan atera ziren eta tandan bigarren sailkatu dira, Urdaibaien atzetik. Sailkapen orokorrean Hondarribi izan zen azkarren, Urdaibaien eta Orioren aurretik. Irabazleak, Hondarribiak, 14 segundoko tartea atera dio Oriori.

Arraun Elkarteak sare sozialetan esan zuenez, progresatzen joateko antolatu dituzte entrenamenduak, etengabe hobetzeko eta indartsu amaitzeko. Hortaz, hori kontutan izanik, ez da hasiera txarra oriotarrek egin dutena.

Laugarrenak baina lehiakorrak

Ez da estropadarik finena izan oriotarrena, emaitzari dagokionez behintzat. Laugarren postuan sailkatu dira baina irabazleak 28 segundoko aldea atera die oriotarrei. Garailea Zumaia izan da. Bigarren San Juan gelditu da eta hirugarren Hibaika.
 
Ia minutu erdiko aldea atera die Zumaiak. Hogei segundo inguruko aldea beste bi sailkatuek. Bada tartea. Baina hobetu eta murriztu daitekeen tartea, bereziki neskek lana gogor eginda fruituak lortu daitezkeela behin eta berriz erakutsi digutelako. Horretan dabiltza eta horretan jarraituko dute, gogor lanean indartsuenen artean indartsuenak izateko.
 

Lehen hamar sailkatuetan

Zortzigarren azkarrena izan zen Orioko trainerua igandean Elantxoben jokatu zen estropadan. Emakumezkoetan bezala, Zumaiak irabazi zuen estropada. Orio zumaiarrengandik 30 segundotara helmugaratu zen. Honela, sailkapen orokorrean lehen hamar sailkatuetan sartu dira.