Sanpedroak 2015

Txori kantaririk onena Eibarkoa

Karkara 2015ko eka. 30a, 08:16

Txoriak kantuan jarri zituzten Mendibeltzen eta txoriak gertuagotik ezagutzeko aukera izan zen plazan. Bi ekintzek arrakasta izan zuten.

Goizean goiz hasi zen Txorien Kantu Lehiaketa. Iaz antolatu zuten lehendabizikoz eta emaitzarekin gustura gelditu zirenez, beste behin antolatzea erabaki zuten. Aurten ere emaitzarekin pozik gelditu dira antolakuntzakoak, giro paregabea izan baitute.

Hainbat arrazatako txoriak eraman zituzten. Kantuan jarri zituzten guztiak eta txorien txioak ziren Mendibeltzeko musika banda. Bitartean, plazan, hainbat txori zeuden, beren jabeekin, haurrak ukitu ahal izateko eta gertutik ezagutu ahal izateko. Harrera bikaina izan zuten bi ekimenek; nola lehiaketak, hala txoriak herritarrei gerturatzeak. 

Eguerdiko 13:30ak aldera plazan zeuden txoriak Mendibeltzera eraman zituzten; eta txorizale guztiak elkarrekin zeudela, sari banaketarekin hasi ziren. Asko izan ziren sarituak, baina kategoria bakoitzeko irabazleak ondorengoak izan ziren: Maria Luisa Rodrigez –bi sari–, Jose Luis Fernandez, Oskar, Asier Fernandez, Patxi Luque, Andres Garzon eta Luis Fernandez.

Txapeldunen artean txapelduna Asier Fernandez izan zen. Eibartarrak hainbat sari jaso zituen, lehen postua ez ezik podiumeko beste kosketara igotzea ere lortu baitzuen beste kategoriatan. Fernandez izan zen sailkapen orokorrean lehendabizikoa, alkatearen eskutik txapeldunaren txapela jaso zuena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!