Sanpedroak 2015

Triatloi herrikoian herritarrak bakarrik ez

Karkara 2015ko eka. 29a, 12:26

Orioko Herri Ikastolak antolatutako triatloian Ekaitz Otegi, Bego Urbitarte,  Carlos eta Joseba Rodriguez anaiak, Eneritz Aramendi, Aimar Sukuntza, eta Naia Makazaga eta Amaia Rodriguez izan dira irabazleak.

 

Triatloi herrikoia. Izenak dioen bezala, proba erosoa. Ibilbide motzak bai igerian, bizikletan eta korrika. Hiru kategoriatan banatu dituzte parte hartzaileak: LHko ikasleak, DBHko ikasleak eta helduak. Parte hartzea handiagoa izan da kategoria txikietan. 

Eta horiek izan dira triatloia egiten lehenak, txikienak. Gutxi gorabehera 30 lagunek hartu dute parate. Horien artean, emakumezkoetan, azkarrenak Naia Makazaga eta Amaia Rodriguez izan dira. 10 minutu eta 28 segundoko denbora behar izan ditu hiru kirolak egin eta helmuga zeharkatzeko. Eskutik helduta gurutzatu dute helmugako marra. Aimar Sukunza izan da mutiletan azkarrena, 8 minutu eta 40 segundoko denborarekin.

 

LHko ikasleen atzetik DBHko ikasleek egin dute salto uretara. Kategoria honetan ere eskutik helduta iritsi dira bi kirolari helmugara, Carlos eta Joseba Rodriguez anaiak. Berak izan dira mutiletan azkarrenak 14 minutu eta 33 segundoko denborarekin. Nesketan Eneritz Aramendi izan da bizkorrena 16:25 denborarekin. Guztira hamabi lagun inguruk hasi eta amaitu du proba gazteen kategoria honetan.

Eta, amaitzeko, helduek hartu dute lekukoa. Hamasei lagunek hartu dute parte, hamalau gizonek eta bi emakumek. Azkarrenak Bego Urbitarte –29:10– eta Ekaitz Otegi –22:40– izan dira. 

Helmugara ez ezik, bizikletan ere binaka

Hainbat kirolarik helmuga beste baten eskutik helduta igaro zuten. Baina Carlos eta Joxean Rodriguezek bizikletan ere elkarrekin ibili ziren, tandemean egin baitzuten ibilbidea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!