Arrauna 2015

Josu Indo: "Datorren asteburuan hobeto ikusiko da gure maila"

Karkara 2015ko uzt. 9a, 12:33

2014ko argazkia

Ia bizi osoa darama Josu Indok –Orio, 1987– Orio AEn; osabaren pausuak jarraituz hasi zen arraunean eta orain bera da lehen taldean aritzen dena. Galiziakoa zorte txarra izan zela eta datorren asteburuan beren maila erakutsiko dutela dio.

Nola ikusi duzu ligaren hasiera? Galiziako asteburua gogorra izan da.

Lehen jardunaldian, Malagan, hirugarren egin genuen, baina ez ginen oso gustura geratu arraunean ez genuelako oso ondo egin. Galizian, berriz, kontrakoa pasa zaigu: arraunean gustura egin dugu eta bi emaitzak oso txarrak izan dira.

Guk uste dugu bide onetik goazela, eta halako batean emaitzak etorriko dira. Ezin dugu asteburu batengatik etsi. Pena da, bai, eta puntu askoko tartearekin atzean geratu gara, baina pixkanaka egoerari buelta emateko esperantza dugu.

Galizian estropada onak egin zenituztela esan duzu. Zorte txarrak asko eragin dizuela uste al duzu?

Guk hori uste dugu, behintzat. Larunbatean, adibidez, gure txandan bigarren geratu eta bigarren txandako guztiak tartean sartzea ez genuen espero. Igandean ere ez genuen zorte onik izan. Baina, tira, Galizian inoiz ez dago jakiterik. Nik uste dut datorren asteburuan hobeto ikusiko dela gure maila.

Datorren asteburuan, zer?

Guk Galiziako gure balorazioa egin dugu eta hori iragana da dagoeneko. Orain gogotsu gaude datorren astebururako, San Pedroko eta Donostiako estropadak politak iruditzen zaizkit buelta ematen hasteko. Eta gu gure tokia zein den erakustera goaz.

Negu ona egin duzue, eta taldea indartsu dagoela dirudi.

Bai guk negu ona egin dugula eta gauzak ondo egin ditugula uste dugu. Hori erakustea bakarrik falta zaigu orain. Egia da maila oso altua dagoela aurten ligan, baina uste dut onenen artean egoteko maila badugula.