Arrauna 2015

Asteburu oparoa Orio AErentzat

Karkara 2015ko uzt. 13a, 10:56

Argazkia: Joxemari Olasagasti

Denboraldiko lehen bandera irabazi dute mutilek eta Euskotren Ligara sartzea lortu dute neskek

Uztailaren 11 eta 12koa asteburu oparoa izan da Orio AErentzat. San Miguel Ligan, denboraldiko lehen bandera ekarri du etxera A traineruak eta neskak Euskotren Ligan jokatzeko sailkatu dira.

Galiziako emaitza txarren ostean, egoerari buelta ematea lortu dute Orio Ako mutilek. Larunbatean, uztailaren 11n, bere txanda irabazi zuten San Pedroko uretan, 19:38,36ko denborarekin. Estropada ona egin zuten, baina ohorezko txandan Hondarribia eta Urdaibai aurretik sartu ziren eta hirugarren egin zuten sailkapen orokorrean.

Igandean, Donostiako uretan, ohorezko txandan tokia berreskuratu zuten eta bigarren kaletik irten ziren. 20:13,56ko denborarekin eta Urdaibairi 7 eta Hondarribiarei 8 segundoko aldea aterata, estropada irabazi zuen Oriok. Denboraldiko lehen bandera lortu zuten eta harrera beroa egin zieten arraunlariei herrian:

Neskak, Euskotren Ligan

Nesken traineruak ere jarritako helburua lortu zuen, Euskotren Ligan sailkatzea. Larunbateko estropadan, Pasai San Pedron, laugarren egin zuten, lehenengotik 10 segundora. Igandean emaitza hobeagoa lortu zuten, hirugarren egin zuten San Juan eta Zumaiaren atzetik.

Gauzak horrela, Euskotren Ligan jokatuko dute uda honetan Zumaia, San Juan eta Hibaikarekin batera. Horrez gain, Gipuzkoako Emakumeen Traineru Ligan jokatzen jarraituko dute.

KAE1ean postua mantentzen

Orio B traineruak hamargarren postua mantentzen du KAE1 mailan. Uztailaren 11n, larunbatean, jokatu zuten asteburuko estropada bakarra. Bederatzigarren egin zuten 21:14,08ko denborarekin.

Datorren asteburuan etxean arraunean

Hiru ligatako estropada bana jokatuko da datorren asteburuan Orion. Larunbatean, uztailaren 18an, III. Orioko Kanpina bandera jokatuko dute neskek eta XXV. Orioko Estropadak TKEko mutilek. Igandean KAE1ekoen txanda izango da.

Horrez gain, Portugaleten jokatuko dira San Miguel eta Euskotren ligako igandeko jardunaldiak, eta neskek asteazkenean, uztailaren 15ean, Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute Donostian. TKE1 ligakoek larunbatean Pedreñan jokatuko dute.