Arrauna 2015

"Hirugarren edo laugarren postuarekin konformatu gabe ahal dugun goren begiratzea da helburua"

Karkara 2015ko uzt. 15a, 09:46

Iaz ez zuten lortu, eta aurten denboraldiko helburu nagusia Euskotren Ligan sartzea zen. Asteburuko sailkapen estropadekin gustura, aurrera begira daude Eider Zubeltzu eta Mireia Uranga, taldeko arraunlari gazteenetako bi.

Asteburu ona izan zen aurrekoa. Zer sentsaziorekin geratu zarete?

Ez da erraza izan. Denboraldi hasieran jokatu genuen estropadan, Pasaian, Cabori segundo bakarra atera genion. Horregatik beldur pixkabat genuen. Baina larunbateko estropadan 12 segundo lehenago iritsi ginen eta horrek bigarren estropadara lasaiago joaten utzi zigun, nahiz eta jakin edozer gauza gerta daitekeela itsasoan.

Azkenean sailkatzea lortu genuen, eta beste hiru taldeekin punta-puntan aritzea berezia da guretzat, gogoa pizten digu. Aurrerapauso handia eman dugu aurreko urtetik hona, gogor entrenatzen ari gara eta emaitzak ikusten dira.

Hobekuntza nabaritzen al duzue aurreko urtetik hona?

Bai. Asteburuan, adibidez, larunbatetik igandera aldaketak egon ziren traineruan. Eta hainbeste aldaketekin emaitza antzekoa lortzeak esan nahi du talde sendoa dugula. Trainerutik kanpo geratzen direnak barruan daudenen maila daukate.

Arratsaldean Gipuzkoako Txapelketa jokatuko duzue. Nola ikusten duzue estropada?

Gure lana egin eta hirugarren edo laugarren postuarekin konformatu gabe, ahal den goren begiratzea da gure helburua. Gure lanarekin gustora geratzea. Gainera, gaurko estropadan guztiok batera egingo dugu arraun, ez da erlojupekoa. Parez pare egoteak beste traineruen erreferentziak hartzeko lagunduko ditugu.

Aurten Euskotren Ligan ere egongo zarete. Zer espero duzue?

Euskotren Ligan sailkatzeak estropada dezente gehiago jokatzea esan nahi du. Iazko denboraldiarekin alderatuz, Kontxara, adibidez, ez gara hain itsu joango. Iaz ez genituen beste traineruekiko erreferentziak, aurten gehiago ezagutuko ditugu aurkariak.