Arrauna 2015

Bigarren eta hirugarren postuak Gipuzkoako Traineru Txapelketan

Karkara 2015ko uzt. 16a, 10:27

Uztailaren 15ean, asteazkenean, Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatu zen Donostian. Emaitza onak lortu zituzten Orio AEko traineruek: zilarrezko domina lortu zuten gizonezkoek eta brontzezkoa emakumezkoek.

Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatu zen atzo, uztailaren 15ean, Donostiako uretan. Emakumezkoen zortzi traineru eta gizonezkoen hamar aritu ziren Gipuzkoako traineru onenaren titulua lortzeko lehian.

Emakumezkoen txanda izan zen lehenena. Bigarren txandan irten ziren Orio AEko neskak, Euskotren Ligan ondoan izango dituzten hiru traineruekin batera. Zumaiak irabazi zuen txapelketa, eta hirugarren egin zuen Oriok, 14 segundora. Gustura geratu zen taldea brontzezko dominarekin.

Hiru txandatan banatu ziren gizonezkoak, eta hirugarrenean irten zen Orio. Hondarribiak estropada hasieratik aurrea hartu zuen, eta Orio hasieran gertutik jarraitzen ari zitzaion arren, tartea handitzea lortu zuen talde berdeak. Bigarren egin zuen Oriok; Hondarribiarengandik 27 segundora iritsi ziren helmugara.