Arrauna 2015

Banderagatik lehian Getxon

Karkara 2015ko uzt. 27a, 09:28

Argazkia: San Miguel Liga

Ohorezko txanda irabazi zuen arren, Hondarribiak eraman zuen azkenean Getxoko bandera

Larunbatean, uztailaren 25ean, Nojan jokatu zuten TKE ligako zortzigarren jardunaldia eta igandean Getxon izan zen bederatzigarrena. Hondarribia izan da oriotarren aurkari zuzena asteburuan, segundo gutxiko tartean sartu baitira bi ontziak bi estropadatan.

Arazoekin hasi zen Nojako estropada. Itsaso zakarrak balizak mugitu zituen eta erlojuaren aurka jokatu behar izan zuten, lerroan egin ordez. Estropada ona egin zuen Oriok, lehen eta hirugarren ziabogak lehen postuan eman zituen, baina itzulerako luzeak kosta egin zitzaizkion. Urdaibaik aurre hartu zion azken luzean, eta 18 segundotako aldea atera zion estropada amaierarako. Azkenean, laugarren egin zuen Oriok, bigarren txandako San Juan eta Kaiku tartean sartu baitziren sailkapenean. Hondarribiak bosgarren egin zuen.

Igandeko lehia banderagatik izan zen. Orio nagusitu zen bere txandan: Cabori 13 segundo atera zizkion eta 14 Urdaibai eta Kaikuri. Hala ere, Hondarribiak bigarren txandan denbora hobeagoa egin zuen eta bandera eraman zuen.

Datorren asteburuan Galiziara joango dira berriz. Larunbatean Moañako bandera jokatuko dute eta igandean Boirokoa.

Euskotren liga amaitzear

Pasa den asteburuko estropadak jokatuta, Zarauzko estropada bikoitza bakarrik geratzen da Euskotren Liga amaitzeko.

Larunbateko estropada erlojuaren aurka jokatu zuten neskek ere. Lehenengo irten zen Orio eta 11:15,08ko denboran amaitu zuen ibilbidea. Hirugarren geratu zen estropadan eta San Juanek irabazi zuen.

Igandean, Getxon, hirugarren kaletik irten ziren neskak. Hirugarren postua lortzeko lehian egon ziren Hibaikarekin ia estropada osoan. Azkenean, Hibaikak aurre hartu zien eta laugarren amaitu zuten estropada 10:48,04ko denborarekin.

Puntuak lortzen sailkapenean igotzeko

Hamargarren postuan konstante mantentzen ari da azkenaldian Orio B KAE1 ligan. Pasa den asteburuan, ordea, sailkapenean posizioa igotzeko aukera emango dioten emaitzak lortu zituen. Bederatzigarren egin zuten Zumaiako eta Lekeitioko estropadatan. Horrek, ligako sailkapen orokorrean hamargarren izaten jarraitzen duten arren, bederatzigarren postua gertu uzten die: postu bat aurrerago dagoen Santurtziren puntu kopuru bera dute.

Datorren asteburuan, abuztuaren 1ean eta 2an, Getariako bandera jokatuko dute. Bertan ikusiko da taulan gorantz egitea lortzen duten.