Arrauna 2015

Xabier Arregi: "Lehen ontzian sartzea da arraunean hastearen arrazoi nagusia"

Karkara 2015ko uzt. 31a, 10:29

13 urte ingururekin hasi zen Xabier Arregi arraunean –Orio, 1992–. B taldean bost urte daramatza, eta pasa den asteburuan, Getxoko estropadan, lehen taldearekin egin zuen debuta.

Lehen ontzira egin zenuen salto asteburuan. Nolakoa izan zen debuta?

Oso gustura geratu nintzen, espero baino hobeto. Estropada ongi atera zitzaigun eta poztu egiten nau horrek. Txanda irabazi genuen, eta horrek sentsazio onarekin utzi zidan. Taldekoek esaten zidaten gozatzeko estropadaz, eta hala egin nuen. Pena izan zen banderatik hain gertu egon eta ez irabaztea.

Nola izan da bigarren taldetik lehenengora saltoa?

Azkenaldian nahiko gertu nengoela ikusten nuen; Igorrek esaten zidan aurten aukera emango zidala eta hala izan zen azkenean. Iritsi zen, behingoz, hainbeste esperotako aukera hura. Oso urduri nengoen, beste arraunlariak baino gehiago, eta denak niri lasaitzen saiatu ziren estropada aurretik.

Galiziako uretan arraun egitea tokatzen da hurrengo asteburuan. Zu ere bazoaz?

Ez, ez noa. Zaila dago lehen taldean sartzea, maila handia dago eta. Lehen ontzian jokatzeko beste aukeraren bat edo beste izango dut, agian, baina ez da finkoa izango. Urte hau B ontziarekin amaituko dut ziurrenik.

Nola ikusten duzu denboraldia?

Pixka bat motel hasi zuen taldeak denboraldia, baina uste dut gorantz doazela. Denboraldia ongi bukatuko dutela uste dut, talde ona dago eta.

Zein da zure helburua arraunean?

A ontzian sartzea, noski. Umetatik trainerua hor ikusten dugu, punta-puntan, eta gure ametsa hori da. Azken finean, traineruan sartzea da arraunean hastearen arrazoi nagusia.