Arrauna 2015

Urdaibai, atzekoz aurrera

Karkara 2015ko abu. 3a, 09:21

Argazkia: Joxemari Olasagasti

Espainiako Traineru Txapelketa jokatu zen igandean. Lehen ziabogan atzean gelditu zen Urdaibai, baina bagak hartu eta bigarren ziaboga txukuna egin ondoren, estropadaren buruan jarri eta urrezko domina lortu zuten.

Getarian hasi zen jaiegunean arraun festa. Getariatik Castrora egin zuen salto eguerdiko 12:00etan, Espainiako Traineru Txapelketa jokatu baitzen. Lau talde aurrez aurre, txanda bakarrean. Lehen kaletik Kaiku, bigarrenetik Hondarribia, hirugarrenetik Orio eta laugarrenetik Urdaibai.

Estatxa askatu eta indartsu hasi ziren arraunean lau ontziak, sailkapen estropadan baina biziago. Hondarribia segundo batera jarri zen arren, berehala harrapatu zituen beste ontziak, eta lehen metroak elkarrekin egin zituzten. Pare parean zeuden traineruak.

Lehen ziabogara iristerako, ordea, Hondarribiak aurrea hartu zuen. Hondarribiaren itzalean, ia berdinduta sartu ziren ziabogara Orio eta Urdaibai. Baina ziabogan denbora galdu zuten oriotarrek eta atzean gelditzen hasi zen. Hondarribiak eta Kaikuk abagunea aprobetxatu eta hanka egin zuten, Orio sei segundora geldituz.

Baina bigarren ziabogan guztia hankaz gora jarri zen. Atzetik zetorren Urdaibaik olatuak hartu zituen, baita estropadaren agintea ere. Oriok estutu egin zuen eta denbora-tartea murriztu. Urdaibaien atzetik jarri zen, bi segundora eta Hondarribia hiru segundora. Kaikuk denbora asko galdu zuen barra muturrean sartzeagatik.

Garaipena jokoan zegoen oraindik. Urdaibaik, Oriok eta Hondarribiak, hirurek irabazi zezaketen Espainiako Txapelketa. Baina Urdaibai atzekoz aurrera indartsu etorri zen eta gainontzekoak ez ziren kapaz izan harrapatzeko. Bermeotarrak tartea handituz joan ziren eta azken metroetan estropadaren jaun eta jabe izan ziren. Bagak hartu eta hartu ibili ziren eta 40-41 paladatan egin zuten arraun.

Azken luzean estropada itzela eginda, iazkoa errepikatu zuen Urdaibaik. Oriok ez zuen etsi azken metroraino eta bigarren sailkatu zen, 10 segundora. Oriotarrek zilarrezko domina eskuratu zuten txapelketan.