Arrauna 2015

Bi taldeak hirugarren

Karkara 2015ko abu. 10a, 08:29

Larunbatean hirugarren postuan amaitu zuten B taldeko mutilek eta Orioko emakumeek. 

Borrokalariak arraunlariak. Ondo borrokatu zuten larunbatean, Ondarruko uretan, Orioko B taldeak eta emakumezkoen traineruak, eta biek hirugarren postua lortu zuten.

Ohi legez, emakumezkoak izan ziren arraunean egiten lehenak. Lehen txandan Zarautz, Getaria, Hernani, Donostiarra, Itsaslapurrak eta Colindres atera ziren. Azkarrena hamabi minuturen azpitik egin zuen bakarra izan zen, Zarautz.

Bigarren txandan atera ziren etxekoak, oriotarrak. Hibaikaren, Zumaiaren eta San Juanen aurka lehiatu ziren. Hibaika eta Zumaiak hartu zuten estropadaren gidaritza. Zentesimetan aritu ziren bi traineruak. Bukatu ere horrela egin zuten, pare parean. Dena den, Hibaika izan zen helmuga zeharkatzen lehena, 11:01:08 denborarekin. Zumaiarrek 11:01:35 denbora egin zuten.

Oriotarrak hirugarren egin arren, ez ziren estropadatik kanpo gelditu, atzean. Lehen ziabogan bigarren sartu ziren. Eta bigarren luzean postu bat galdu eta segundu batzutako tartea izan arren, ez zuten etsi. Kronometroa 11:05:44 denboran gelditu zuten. Lau segundoko tartea atera zion irabazleak. Oriok, ordea, beste lau segundo atera zizkion atzetik zetorren San Juan taldeari.

Txandako irabazle eta sailkapen orokorrean hirugarren

Lehen txandan atera zen Orioko taldea eta azkarrenak izan ziren. 21:19ko denbora egin zuten. Santurtziarrari sei segundo atera zizkion eta beste biei, Santona eta Elantxoberi, ia 40 segundoko tartea. Denbora ona egin zuten oso, eta gainontzeko txandetatik bik bakarrik hartu zien aurrea sailkapen orokorrean, Pedreñak eta Ondarroak.

Pedreñak 21:15:80ko denborarekin estropada irabazi zuen. Ondarroak 21:18:42 denbora egin zuen eta Oriok 21:19:41. Sailkapen orokorrean 9. postuan dago etxeko taldea.