Arrauna 2015

Lehen bandera, elkarrekin

Karkara 2015ko abu. 13a, 10:49

Jon Agirrezabala –Itziar, 1977– eta Odei Arrizabalaga –Itziar, 1989-, biak itziartarrak izateaz gain,  sendikoak ere badira. Arraunak ere batzen ditu bi lehengusuak, urte mordoan elkarrekin egin baitzuten arraun Zumaian. Orain, berriz elkartu dira Orion.

Elkarrekin hasi zineten arraunean?

Jon Agirrezabala: Zumaia Kontxan sartu zen azken aurreko urtean hasi nintzen arraunean. Gaztetan parranda gehiegi eginda, horrekin bukatzeko erremedioa behar nuen, eta arraunean hastea izan zen konponbidea.

Beste taldekideen pareko hasi nintzen, baina bi asteren buruan giharreko min ikaragarria izan nuen, ez nintzen kapaz ia mugitzeko ere. Asko sufritu nuen. Orain gorputza eginda daukat eta ez dut garai hartako begiradarekin begiratzen, beste modu batera ikusten dut orain arrauna.

Odei Arrizabalaga: Lehengusua arraunean hasi zela-eta, nik ere probatzea pentsatu nuen. Ordura arte arraunak ez zidan sekula atentzioa eman, baina lehengusua ibiltzen hasi zenean, arraunak erakarri egin ninduen. 

Kadete mailan hasi nintzen lehen paladak ematen, Zumaian. Hasieran ni nintzen Itziar inguruko bakarra. Baina gero jende gehiago animatu zen eta batela osatzeko aukera izan genuen. Ordutik, Zumaian egin ditut arrauneko urte guztiak, iaz arrauna albo batera utzi arte. Lesioak izan nituen eta kokoteraino amaitu nuen, erreta oso, hortaz uztea erabaki nuen. Argi neukan erabakia.

Eta Zumaian izan zenuten aukera elkarrekin arraun egiteko?

Agirrezabala: Nik emazteari esan nion arrauna utziko nuela Odeiekin arraun egin arte, lehenago ezetz. Baina 2008an, arrauna uztera nindoanean, nire azken denboraldian, Odeiek koska bat gora egin zuen eta elkarrekin arraunean aritzeko aukera izan genuen.

Uztekotan zinela esan duzu, Jon.

Agirrezabala: Uzteko erabakia hartu nuenean eskaintzak etortzen hasi zitzaizkidan. Azkenean lehendabizi Santurtzira eta ondoren Portugaletera joan nintzen. Iaz ez genuen esperotakoa lortu, alde horretatik ez zen denboraldi ona izan. Jada adinean gora noa eta arraunaren azken urteak gelditzen zaizkit, azken etapa honetan berriz ere Odeiekin aritzeko aukera izateak asko motibatzen ninduen.

Eta non, Orion.

Agirrezabala: Oriok estropada txarra egin arren aurrean ibiliko dela badakizu; eta arraunean ondo eginez gero, bandera lortzeko lehian izango dela. Aukera ederra zen, anbizio askokoa. Deia jaso nuenetik lanean aritu naiz traineruan tokia izateko.

Zuri ere eskaintza erakargarria egin zitzaizun Odei?

Arrizabalaga: Lesioengatik arrauna utzi nuen. Zumaiak jarraitzeko esaten zidan, baina uztea erabaki nuen. Baina, orain, berriz ere, arraunean ibiltzeko gogoa piztu zitzaidan. Usurbilen bizi naiz orain eta Igorren deia jaso nuenean ez nuen bi aldiz pentsatu. Ilusioa handia egiten zidan Oriora etortzeak.

Niretzat salto handia izan da Zumaiatik hona etortzea. Ziurrenik zumaiarrei ez zaiela nire erabakia asko gustatu, baina tira... Aurtengo denboraldian teknika eta fisikoa findu behar ditut, hurrengo urtean tokia izateko taldean eta estropadetan aritzeko.

Eta berriz ere elkarrekin aritzeak ilusioa egingo zizuen, ezta?

Agirrezabala: Deia lehendabizi Odeiek jaso zuen. Niri Igorrek eskaintza egin zidanean banekien bera hemen izango zela. Horrek eragina izan zuen nire erabakian. Azkenean polita da lehengusuarekin berriz ere arraun egiteko aukera izatea. Eta, kasualitatea, biok lortu dugun lehen bandera elkarrekin lortu dugu, Orion.

Arrizabalaga: Lagunak eta gertukoak taldean izatea beti da ona. Eta, kasu honetan, lehengusuarekin batera arraun egitea oso polita da, bai.

Pasa den asteburuan bigarren bandera lortu zenuten...

Agirrezabala: Behar genuen horrelako zerbait. Askotan zorte txarra izan dugu. Behin ohorezko txandan irabazi eta bigarren txandan lehiatu zen Hondarribiak aurrea hartu zigun. Beste behin, Euskadiko Txapelketan, kale txarra tokatu zitzaigula esan ziguten eta hirugarren gelditu ginen hiru segundora...

Nire ustez behar genuen Zarautzeko estropada baino lehen horrelako sari bat. Indartzeko baliagarria izango zaigu.

Zarautzeko estropada garrantzitsua da oso Oriorentzat...

Arrizabalaga: Niretzat orain arte ez da berezia izan, egia esan. Akaso oriotarrentzat bai, Zarautz delako; baina  kontua da orain Orion gaudela eta taldearentzat berezia bada guretzat ere horrela izango da. Hori bai, egia da estropada eremua eta oso polita dela. Eta gainera, bi jardunalditan jokatzen da, Kontxa bezala.

Zarauzko emaitzak Kontxan islatzen direla diote...

Agirrezabala: Hori esaten dute bai, Zarautzen ondo ibiltzen dena Kontxan ondo ibiliko dela.

Orduan, asteburuan topera ibiltzea tokatzen da ezta?

Agirrezabala: [barreak] Noski, horretan saiatuko gara, ahalik eta ondoen egiten.

Orain, San Miguel Ligaren erdia pasata, Kontxari begira ari zarete lanean?

Agirrezabala: Taldea lasaiago hasi zen eta pixkanaka-pixkanaka, esponentzialki, indartzen eta hobetzen joan gara. Argi zuten ez zutela iazkoa gertatzea nahi, sendo hasi ziren, topera, eta amaieran makaldu. Hortaz, aurten, bukaeran indartsu egoteko pentsatu zituzten entrenamenduak.