Arrauna 2015

Irene Arbeo: "Esperientzia ahaztezina izaten ari da; baina Kontxan pentsatzeak oilo ipurdia jartzen dit"

Karkara 2015ko abu. 19a, 10:27

22 urterekin hasi zen arraunean Irene Arbeo –Cuenca, 1980–, eta ordutik pasioz bizi du bere afizioa. Arraunaren ertz guztiak ezagutzeko gogoak Oriora ekarri du Alacanten arraunean dabilen cuencatarra.

Cuencatik Alacantera, eta Alacantetik Oriora, arraun egitera. Nolatan?

18 urte arte Cuencan bizi nintzen. Ondoren, Alacantera joan nintzen, ikastera. Han hasi nintzen arraunean, 2002 urtean, unibertsitateko lagun batzuekin, elkarrekin kirola egin nahi genuelako. Izena eman genuenean, gutako inork ez zuen sekula arrauneko ontzirik ikusi; ez mugikorrekoa, ez tostakoa. Arrauna aukeratu genuen guztiok libre genuenean rugby eta arrauna egiteko aukera bakarrik zegoelako, eta kasu horretan, arraunak gehiago konbentzitu gintuen.

Ordura arte beste kirol batzuk egin nituen, baina ordutik arrauna besterik ez dut egin.

Oriora etorri, probatu, eta dirudienez, gustatu egin zaizu, errepikatu egin baituzu.

Gabonetako oporretan etorri nintzen. Hamar egunetan egin nuen arraun neskekin, probatzeko eta, jendea behar bazuten, neguan jaitsieraren batean arraun egiteko asmoarekin. Klaudiok jaitsieretarako aintzakotzat hartzen ninduela esan zidan; eta udaran, nik ekainean Alacanteko denboraldia bukatzean, ikusiko genuela esan zidan.

Oso ezberdina al da normalean egiten duzun arraun diziplinarekin?

Tostako arraunketan hasi nintzen Alacanten arraunean, llaut Mediterraneo izeneko ontzian. Traineruaren antza handia dauka, baina zortzi arraunlari aritzen gara 13 arraunlariren ordez. Estropadak lau luzekoak izaten dira, baina traineruetan baina distantzia laburragoak egiten ditugu; hortaz, estropadaren iraupena laburragoa da. Gainontzean, oro har, oso antzekoak dira.

2007an aulki mugikorrean hasi nintzen, eta hori bai dela diferenteagoa. 

Eta arrauna, ezberdin bizi al da Cuencan eta Orion?

Cuencan ez dakite arrauna zer den ere. Alacanten, eta oro har, Valentzia erkidegoan, arraun klub asko dauden arren –bereziki tostako arraunketakoak–, kirol ezezaguna da. Jendeari arrauna egiten duzula esaten diozunean, kayakean edo piraguan ibiltzen zarela uste du. Suma Liga daukagu, azaroan hasi eta maiatzean amaitzen dena. Kategoria guztietako arraunlariek hartzen dugu parte liga horretan, kadeteetatik hasi eta beteranoak arte; baina hedabideetan ez dauka inongo oihartzunik.

Nola uztartzen dituzu Alacanteko lana eta arrauna Orioko arraunarekin?

Aurten nahiko zaila izan da. Gabonetatik aulki mugikorreko entrenamenduak, tosta arraunketako ergometroko entrenamendu gehigarriekin uztartu ditut, gorputzak ohitura ez galtzeko. Azkenean, 9-11 entrenamendu egin ditut hainbat asteetan, Alacanten ez baitugu atseden eguna izaten, Orion bezala.

Gainera, batzuetan, entrenamendu bikoitzak egiten ditugu. Bat goizeko 7:00etan, lanera joan aurretik; eta bestea arratsaldean, iluntzeko 20:00etan. Malabarismoa egin behar izan dut entrenamendu guztiak egin ahal izateko. Pisuak altxatzen ditugun egunetan edo astunak ez diren entrenamenduetan egin izan dut tostara bideratutako ergometroen entrenamendua.

Baina, zailena, oporraldietan hona etortzea izan da. Aste asko dira eta nik ez dauzkat horrenbeste egun libre. Baina, azkenean, estropada garrantzitsuetan hor egotea lortu dut, oporrak orduan hartu baititut.

Han ere hitz egiten al da Kontxaz?

Arrauna bizi dutenen artean, bai. Han jendeak erreferentziatzat du hemengo arrauna, eta Liga nahiz Kontxa ezagutzen dituzte. Jendea honaino etorri da urteren batean Kontxako estropada ikustera. 2010ean, adibidez, hainbat taldetako hainbat arraunlari elkartu ginen eta sailkapen estropada ikustera etorri ginen.

Euskotren Liga amaitu ostean, guztiek Kontxa izango duzue buruan. Ilusio berezia egiten al dizu estropada horretan parte hartzeak?

Ilusioa estropada guztietan sentitu dut. Niretzat esperientzia ahaztezina izaten ari da; baina, aitortzen dut, Kontxan pentsatze hutsak oilo ipurdia jartzen didala. Han arraunean imajinatzen naiz eta nerbioak dantzan jartzen zaizkit.

Arraunlarientzat eta oriotarrentzat dagoen estropadarik garrantzitsuena da, eta han arraun egitea gustatuko litzaidake, baina ez dut itxaropen ustelik egin nahi, taldean arraunlari asko baikaude eta maila oso ona baitago. Edonor egon liteke traineruan egun horretan.

Urtean zehar ez dudanez uneoro entrenatu berekin, entrenamendu bakoitzak aprobetxatu behar du maila ona emateko eta Kontxan 13 hautatuen artean egoteko.

Iaz helburu nagusia Kontxan sartzea izan zen. Aurten, zuen erronka bandera lortzea izango dela pentsatzen dut. Horrela al da?

Aurten taldean esperientzia gehiago dauka. Itsasoko estropadetan lehen postuengatik borrokatu gara. Ligak aurrera egin ahala hobeto sentitu gara eta gogor ari gara lan egiten Kontxan lan ona egiteko. Nahiz eta estropada guztiak garrantzitsuak izan, urteko helbururik garrantzitsuena Kontxa da. Urte osoa horren baitan antolatzen da, badakigulako hor egon gaitezkeela eta hor egon nahi dugulako.