Gure Bazterrak

Bueltan da Gure Bazterrak festibala

Karkara 2015ko abu. 31a, 11:01
Kartela: IƱaki Gonzalez, Fortun

Azaroaren 28an, larunbatean, Gure Bazterrak jaialdia izango da Orioko Karela kiroldegian. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 10 eurotan.

Euskal Herriko bazterrak musikaz blaitzeko asmoarekin sortu zen ekimena. Eta, ekimenaren adarretako bat da izen bereko –Gure Bazterrak– festibala. Iaz egin zen lehendabizikoz Orion, eta aurten berriz antolatu dute. Azaroaren 28an izango da, larunbatarekin.

Arratsaldeko 19:30ean hasiko dira kontzertuak, bost guztira: El_Txef_A, Joe La Reina, Joseba B Leinor Gang, Ghost number & His Tipsy Gipsies eta Bi bala. Azken talde honetako partaideetako bat oriotarra da, Iñaki Gurrutxaga. Etxean arituko da hortaz Gurrutxaga.

El_Txef_A

Aitor Etxebarria (Gernika, 1985) Euskal Herriko musika elektronikoaren erreferenteetako bat da. Pop ukituko musika sortzen du, baina, pintxatu, bereziki, teknoa egiten du. Berlineko teknoaren ukituak dituen musika izango da, gehien bat, jaialdian bera taula gainean dagoenean entzungo duguna.

Joe la reina

Euskal Herriko hainbat txokotako bost gaztek osatzen dute talde donostiarra. Bailamos por miedo diskoaren aurkezpen bira itxi dute eta hurrengo diskoko abestiekin hasi dira lanean. Soinu garaikidea, landua eta lerrokatzeko zaila egiten dute. Pertsonala oso.

Joseba B Leinor Gang

Joseba B Leinorrek bakarka sortutako kantu zerrenda jotzen du boskoteak. Willis Drummondeko Xan Bidegainek eta Felix Buffek, Napoka Iriako Ander Mujikak eta Miren Narbaizak; eta, esan bezala, Joseba B Leinorrek.

Ghost number & His Tipsy Gipsies

Talde donostiarrak swing eta country estiloko musika jotzen du. Musika landua eta entzuteko arina, eta bi bider irakurri beharreko letrak sortzen ditu seikoteak.

Bi bala

Bertsoa eta musika batzen dituen emanaldia eskaintzen du Bi Bala taldeak. Doinu ezagunak jotzen dituzte, baita berak sortzen dituztenak ere, hauek ere jada ezagunak egin dira. Melodia horiei jartzen dizkieten letrak umorezkoak eta probokatzaileak dira, euskaldunon kontraesanei buruzkoak.

Sarrerak dagoeneko erosi daitezke. Internet bidezko salmenta jarri dute martxan, baina datozen egunetan toki fisikoetan ere jarriko dituzte salgai. Oraingoz, entradiumen erosi daitezke sarrerak, hamar euroren truke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!