Arrauna 2015

Igor Makazaga: "Elkarteak pauso bat aurrera eman behar duen bezala, niri pauso bat atzera ematea tokatzen zait"

Karkara 2015ko ira. 16a, 13:39

Lau urteren ondoren Orio Arraunketa Elkarteko zikloa itxi du Igor Makazagak. Duela lau urteko helburua lortu duen arren, egun taldeak dituen beharrak asetzen ez dituela uste dut. Bere irteera klubak behar duen saltoa emateko lagungarria izango delakoan dago.

Asteartea arratsaldean bildu zen Igor Makazaga Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritza taldearekin. Lau urteko ibilbidea etetea erabaki du Makazagak. Ez du Orion jarraituko.

Erabaki zaila izango zela imajinatzen dut...

Bai, baina oso era naturalean izan da guztia eta horrela behar zuen izan. Horrela ulertu behar da, erabaki natural moduan. Finean, Oriok irabazi egin nahi du eta irabazteko beharra dauka. Guk ez dugu hori lortu eta horrek kezka sortzen dit. 

Aukera nuen elkartearen aldetik hurrengo urtean jarraitzeko, baina nik uste dut erabaki zuzenena eta elkartearen etorkizunerako egokiena, ni alde batera gelditzea dela eta beste aukera batzuk bilatzea dela. Nik uste dut momentu egokia dela horretarako. Duela lau urte proiektu oso polita hasi genuen, baina...

Eta duela lau urte, hasierako helburua lortu zenuen, Orio lehen mailara igotzea.

Bai. Hori lortu genuen eta ni oso pozik eta gustura nago. Lau urte horietako lanarekin gustura nago. Baina beharrak ez dira berdinak duela lau urtekoak eta oraingoak. Orain irabazteko beharra dago. Kirolariak garen heinean, oso naturala da hori, eta ez gara helburuak betetzen ari.

Erreferente nagusi diren estatuko txapelketa, Kontxa eta Liga ez ditugu irabazi. Banderak bai, baina ez hiruretako bat irabaztea. Eta hau kirola da eta horrela ulertu behar da. Elkarteak pauso bat aurrera eman behar duen bezala, niri pauso bat atzera ematea tokatzen zait.

Kontxan bestelako emaitza bat lortuko bazenu, egoera ezberdina litzateke?

Ez Kontxan bakarrik. denak. KAEn egon ginenean 12 garaipen izan genituen, jokatutako guztia irabazi genuen. Azken hiru urtetan, TKEra bueltatu ginenetik, bederatzi bandera eta hamar garaipen izan ditugu. Falta izan zaiguna erreferente horiek lortzea izan da.

Lortu dugu arestian aipatutako hiru txapelketetan bigarren gelditzea, baina sekula ez irabaztea. Orduan, pazientzia agortu egiten da eta kezka areagotu. Testuinguru horretan, naturalena ni joatea da.

Oro har, gustura zaude lau urte hautan egindakoarekin?

Oso pozik noa. Lau urte oso on pasa ditut.

Kluba ere gustura dagoela dirudi, beren asmoa datorren urtean zuk jarraitzea baitzen.

Klubarekin oso esperientzia onak pasa ditut. Esker onak besterik ez dauzkat elkartearentzat eta mutilentzat. Lau urte oso eder izan dira. Besarkada bat eman behar diogu batak besteari eta kito. Nik onena opa diet. Ez dago inondik inora arazorik edo gaizki ulerturik. Proiektu honek beste inpultso bat behar du eta nik uste duk erabaki honek emango diola. Ez dago besterik.

Orioko kluba utzi duzu, baina arraunean jarraituko duzu?

Momentu honetan atseden hartzean bakarrik pentsatzen dut. Orain arte, daukadan lanari eta familiari eskaini ez diodan atentzioa eskaini nahi diet. Arreta gehiago jarri nahi diet beraiei. Askotan deskuidatzen ditut arraunagatik, eta hori aldatu nahi dut.

Momentu honetan, hortaz, utzi egin nahi dut. Hori da nire asmoa. Erabakia ez dago beste talderekin-edo lotuta. Ez dut planteatu ere egiten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!