Sare (anti)sozialak

Gurasoen buru arinkeriagatik ere edozein parketan ikus ditzakegu zazpi urteko haurrak azken modeloko mugikor onenarekin.

Jakina da gazteok teknologia berriei ez diegula behar bezalako erabilera ematen eta horren lekuko da
mugikorra edo ordenagailuekiko dugun lotura estua; ezin ordu erdi egon whatsappa begiratu gabe! Sare sozialetan ere filtrorik gabeko argazkiak igotzeko zaletasun handia dugu, gure itxurarik onena lau haizeetara zabaldu eta bart gaueko parrandaren oroitzapen bat gordetzeko asmotan edo, argazki horiek etorkizunean gure aurka nola joan daitezkeen ohartu gabe. Gure egunerokoaren parte dira eta hainbeste direnez erabilera bat eman behar bakoitzari.

Uda honetan esaterako, Kukuarrirako espedizioen argazki mordoa sufritu behar izan ditugu, Iñurrategiri jarraitzen niola uste izan dut une askotan. Honera arte ezer berririk ez, denok gaude aparatu elektronikoetara.

Gurasoen buru arinkeriagatik ere edozein parketan ikus ditzazkegu zazpi urteko haurrak azken modeloko mugikor onenarekin metro batzuetara duten lagunarekin txateatzen, adiskidetasuna sortzen edo.

Hala ere, sare sozialetan azken hilabeteetan gehien harritu nauen datua Ashley Madisonena izan da, ezkonduek euren bikoteari adarrak jartzeko web orrialdearen filtrazioek eskainitako zenbakiak, Orio Gipuzkoako adardun gehien dauden herrietan kokatuz. Antza denez, Telecinco gehiegi ikusteak bat baino gehiagoren sua piztu du eta Orio adardun zibernetikoen herri izendatzeko unea iritsi da. Gazteok, ez oparitu ordenagailurik gurasoei badaezpada!

Azken finean adin tarte guztiak online gaude Orion, denetan ematen diogu erabilera okerra sare sozialei baina modan egon nahi horrek sortzen duen prezioa da, eta ez pentsa aldatuko denik. Hurrengoa zer izango ote da?

Eskerrak jubilatuak lege zaharrean jarraitzen duten, txu-txu trenari wifia jarri beharko diogu bestela eta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!