Martin Rezabal Olaso: “Egungo bertsolariek ez diote puntuari brau erantzuten”

Rikardo Uzkudun 2015ko ira. 24a, 15:02

24 urte beteko dira abenduan Martin Rezabal Olaso Gipuzkoako bertsolari txapelketako finalera iritsi zenetik. 1991ko txapelketa izan zen, boomaren txapelketa, telebistaren txapelketa. Aurtengo txapelketa hasi berri
den honetan, egin dugu zita berarekin.

Zer oroitzapen duzu 1991ko txapelketa hartaz?

Ona. Finalean lasai jardun nintzen, hurrengo egunetan izan nituen komeriak, hau kantatu banu edo hura esango banu. Ustekabean sartu nintzen finalera, baina gustura aritu nintzen. Pentsa, lau kanporaketa jokatu ondoren sartu nintzen finalera.

­Txapelketa sonatua izan zen. Bertsolaritzak telebistari esker, besteak beste, izugarrizko aparraldia bizi izan zuen.

Bai. 11.000 lagunetik gora elkartu ziren belodromoan. Garai hartan, Aian juntatzen ginen entrenatzeko Lertxundi, Zendoia, Otamendi, Artzain, Arrillaga eta neroni. Txapelketaren ondoren, pare bat urtean, saio dezente izan nituen, baina gero hari segi egin behar zaio eta, lanean bazabiltza gogorra egiten da. Berandu etxeratu eta goiz jaiki behar!

­Gogoan al duzu finaleko bertsorik?

Bai. Amak esandakotik ateratakoa, bukaera emanda. Bukaera horrekin, uste zen, politikaz edo jardungo ginela, baina nik hortik jo nuen.

Al baldin badek zortzigarrengo,  Martin ez ha(d)i behintzat erten! / gure nekeak eta negarrak, ametsek jan ez ditzaten!

Publikoa ere desberdina zen. Ez da orain bezala, ez zen pankartarik jartzen eta builarik egiten. Inguruko lagunartea joan bai, baina isilik egoten zen, eta bertsoa preziatzen zuen. Gaur egun, iruditzen zait batzuk txapelketara bakarrik joaten direla, eta urte osoan ez direla plazetara joaten.

­Noiz eta nolatan hasi zinen zu bertsotan?

Soldadutzan. Urdairako nagusiaren bikiarekin, bertsoak kantatu eta kantatu! Aurretik, baserrian, irratiz bertsoak entzun eta doinuak ikasiak neuzkan. Aiako festetako saiora etorrita ere, buruz ikasita eramaten nituen lau edo bost bertso, eta haiek kantatzen pasa aste osoa! Joxe Agirre nuen gustukoa, erantzun azkarreko bertsolariak jeneralean, bizi kantatzen zutenak.

­Nola ikusten dituzu gaur egungo bertsolariak?

Ez dira erantzun azkarrekoak. Bertsoa bete bai, baina puntuari erantzuten behintzat, ez dute brau erantzuten. Bertsoa pentsatzen ere, kartzelakoan batez ere, denbora gehitxo pasatzen dute sarritan.
­Aian, bakarren bat badago, baina ez da ikusten segida handirik. Eskolatik deitu zidaten behin, baina ni ez nengoen hutsetikan erakusteko. Kopletan ere aritu balira gutxienez, hortik aurrea jardun eta zuzentzeko bai, baina 7/­6 edo 10­/8 erakusten hasteko ez. Pentsa, ni soldadutzaren ondoren, Gabiriako Osinalde sarira joan nintzen zortziko txikia 7­/6 eta nagusia 10/­8 silaba zituztela jakin gabe. Doinuak banekizkien, eta zein neurri zuten ere bai, baina zenbat silabak osatzen zuten arrastorik ere ez. Halere, bost urtetan eman zidaten bertso onenaren saria, kar, kar, kar.

Akordatzen al zara Sarasuaren tongoaz?

Ni kartzelan nengoen, eta gero jakin nuen guztia. Egunkarien arabera, faboritoak Lizaso, Egaña eta Eguzkitze ziren... zaila izango omen zen hirurak kale egitea. Eta begira, Peñagarikano txapeldun,eta Sarasua ere txapeldun izango zen noski, hura egin izan ez balu. Nik ez nuen azkena egin eta gustura, zazpigarren. Esan beharra dago orduan, finalista guztiak 25 eta 35 urte artean genituela, eta 70 bertsolaritik gora aritu ginela txapelketan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!