Arrauna 2015

Mikel Orbañanos: "Harrobiari garrantzia handia eta jarraipena ematen diogu"

Karkara 2015ko ira. 24a, 15:53

Historikoa izan da Hondarribiak egin duen denboraldia. Hemeretzi estropadatik hamahiru irabazi ditu, Koroa bereganatuz. Baina hondarribiarrek zalegoa koroatu dute, berekin aritu baitira zia eta boga denboraldi osoan zehar. Mikel Orbañanos entrenatzailearekin bildu gara, denboraldiaz hitz egiteko.

Maisuki gidatu du Hondarribiako tripulazioa Mikel Orbañanosek –Orio, 1973-. Estatxari gogoz heldu zion iazko denboraldian, eta, ordutik, ziabogarik zailena ere ondo hartu du, talde boga ederrean aritzeraino. Isilpean aritu da lanean, baina ez itzalpean. Itzalpean gainontzeko taldeak utzi ditu denboraldi honetan Orbañanos entrenatzailea den Ama Guadalupekoak.

Zorionak.

Eskerrik asko.

Denboraldi hasieran zuen helburua zen Koroa irabaztea, eta horrela gainera; edo pixkanaka-pixkanaka joan zarete helburuak finkatzen.

Helburua traineru lehiakorra osatzea zen, hasieratik horretan egon gara lanean. Aurre denboraldiko estropadek erakutsi ziguten erregularrak izateko kapaz ginela, udaran maila onean ibili gintezkeela. Arraun taldean genituen arraunlari guztiak erabilita errendimendu ona izateko gai ginela erakutsi zigun aurre denboraldiak.

Hori izan da denboraldi honetako giltza, arraunlari guztiek tostan tokia izatea?

Bai. Eta, urtetako lanaren eragina ere bada. Arraunlariek lan egiteko zein era duten gustuko jakin dugu eta horri heldu diogu hasieratik. Eta, noski, emaitza onek segurtasuna ematen dizute egiten ari zaren lan horretan sinesteko, eta, era berean, giro ona sortzen da denak parte hartzen ari direlako.

Garrantzitsua al da denek traineruan tokia izatea?

Bai. Negu sasoian 40 arraunlarirekin aritu ginen lanean. 40 arraunlari horiekin bi txalupa osatu eta nahastuta ibiltzen ginen entrenamenduetan. Orduan, egia da, berak ere parte sentitzen direla garai hartan.

Ondoren, bi taldeak finkatu genituen. A taldekoek bazekiten parte hartuko zutela estropadetan, eta horrela izan da. Horrek arraunlaria erlaxatu gabe mantentzea dakar, eta, horrez gain, apartatua ez sentitzea ere badakar.

Eta liga amaierara indartsu iristea ere bai, ezta?

Bai. Horrelako liga bati aurre egiteko, nire ustez garrantzitsua da oreka hori mantentzea, arraunlari bakoitzari behar baino estimulu gehiago ez ematea.

Halaber, lan egiteko metodologia hau ez da berria. 2002-2003 urtetik udaran kontatu ditudan arraunlariekin behin ere ez dut bat bera ere albo batera utzi, beti izan dituzte beren estropadak.

Lan egiteko era horrek emaitzak emateaz gain, harreman pertsonaletan ere egina izango du...

Eskertu egiten dute arraunlariek hori. Giro hobea izaten dugu. Erabakiak hartzerako garaian kontuan gauza asko edukitzen ditut. Baina erabakiak horrela hartuta, udara eramangarriagoa egiten zait, giro ona dagoela ikusten baitut eta arraunlaririk ez baita aparte gelditzen. Gainera, emaitzek laguntzen badute, are hobeto.

Egia da iristen dela momentu bat non apustua egin behar duzun eta zure ustetan azkarrenak diren 13 arraunlariekin osatu behar duzun trainerua. Hor komeriak izaten dira. Baina arraunlariek hori barneratuta daukate eta badakite data batzuetan hori gertatuko dela. Hala eta guztiz ere, beti esan dut aurtengo traineruan mutil bat jarri edo beste bat jarri, ez zela inongo alderik egongo, eta eragin gehiago izango zutela txanda edo kale zozketak.

Hau da, zuen esku ez zegoenak.

Hori da, eta horrela izan da.

Ligan ia guztia irabazi eta Kontxa ez irabaztea kolpea izan da zuentzat?

Edozein arraunlarik bandera hori maite du eta nahi du beste edozein baina gehiago, hori ezin da zalantzan jarri. Arraunean dagoen banderarik preziatuena da. Beste estropada bat da, baina batzuetan daukana baina garrantzi gehiago ematen zaio.

Kontxa beste estropada bat izango zela genekien, eta horrek esan nahi du baldintza asko alde edo kontra izan genitzakeela. Bagenekien denboraldian aurrean eta irabazten ibili arren, Kontxan akaso ez genuela irabaziko, baina argi geneukan horrek ezin zuela lainotu egin genuen denboraldia.

Berrian ere aipatu zenuen hori argi utzi zenietela arraunlariei.

Kontxa joan baina lehenago aipatu genien hori, bagenekielako Kontxa berezia dela. Halaber, horrek ez du esan nahi Kontxara lasaiago joan garenik. Dena ematera joan gara, irabazteko aukerak genituela ikusten baikenuen. %100 ematera joan ginen. Beste taldeak gainditu genitzakeela ikusten genuen. Ez da horrela izan, ez dugu irabazi, baina oso pozik gaude egin dugun Kontxarekin.

Sailkapen estropadan oso ongi ibili ginen. Lehen igandean azkarrenak izan ginen, eta urte asko ziren Hondarribiak hori ez zuela lortzen, bigarren igandera aukerekin iristea. Bagenekien, halaber, galdu egin genezakeela. Kirola horrela da. Ez genuen irabazi, baina guretzat ez zen galtzea izan bigarren gelditzea.

Postu horrekin pozik geunden, lau segundora gelditu baikinen. Kontxa ona egin genuen, bigarren geratzea guretzat postu ona da. Gertatzen dena da ezin izan genuela irabazi eskura edukita, beraz, Urdaibaikoak zoriontzea besterik ez zaigu gelditzen.

Egindako denboraldiaren ondoren, herriak nola hartu zuen bigarren postu hori?

Disgusturik handiena arraunlariek hartu zuten, egun horretan bertan. Egun horretan jokatzen duzu Kontxa eta arraunlariek pena handia zuten. Baina herriaren erantzuna kontrakoa izan zen, guri animatu nahian ibili ziren. Arranpa bertan ikusi zen hori; eta, gero, gainera, remolkeraino lagundu ziguten animoak ematen. Kiroltasun osoz ezin izan genuela ikusi zuten eta gu oso eskertuta gaude herriak izan zuen erantzunagatik.

Beti animo hitzak izan ditugu, ikusi besterik ez dago liga amaieran zer gustua ospatu duen herriak.

Koroa eman zizuetenean jendetza bildu zen ospakizunean. Irabazi duzuen bandera bakoitzean ere Hondarribia berdez jantzi da. Kontuan izanda Hondarribia ez dela arraun zaletasuna horren biziki bizi duen herria, pozgarria izango da zalegoa horren inplikatuta ikustea, ezta?

Hondarribiko kluba historikoki oso garrantzitsua da. Hondarribia kostako herria izanik, arrantzalea, beti bizi izan du arrauna Hondarribiko kirol nagusi bezala. Traineruak egin duen denboraldia ikusita, normala da herritarrek ilusio handiagoa izatea eta herriak gehiago bizitzea.

Alde horretatik egia da azkenengo urte hauetan Hondarribiak ilusio berezia duela arraunean.

Jendeak ilusio hori izateak zuei ere ilusioa egin behar dizue...

Gazte mailatan jende asko dabil, eta seniorretara iristean, segi emate zaie. Hondarribiko traineruan hondarribiar asko daude, eta horrek herritarrak identifikatuta sentitzea dakar. Gazteei aukerak ematen dizkiegu, hortaz, herria txoratuta dago alde horretatik.

Harrobiari garrantzia handia ematen al diozue?

Bai, harrobiari garrantzia handia ematen diogu, eta, gainera, jarraipena ematen diogu. Harrobia lantzea garrantzitsua da, baina harrobiko gazteek ikusi behar dute aurrera begira hor jarraipena dagoela. Ez dabiltzala alferrik lanean.

Harrobian egindako lanak fruituak emango ditu lehen taldean arraun egitera iristen direnean, ezta?

B traineruan dauden arraunlariek A traineruan sartzeko aukerak dituztela ikustea, garrantzitsua da.

Zure berrikuntzak zeresan handia eman du, nahiz eta sinatu aurretik hitzartuta zenuen Hondarribian jarraituko zenuela.

Lau urteko akordioa sinatu genuen. Berak gustura badaude nik egindako lanarekin urte horretan, eta ni ere gustura banago, aurrea jarraituko genuela hitzartu genuen. Urtez urte hitz egingo genuela adostu genuen. Bi aldeetako bat desados egongo balitz, ez litzateke inongo zorrik egongo batak bestearekin. Askatasun osoa daukagu. Momentuz bi alderdiak oso gustura gaude eta aurrera jarraitzeko erabakia hartu genuen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!