Arrauna 2015

Helburua lortu dute: KAE-1 ligari eustea

Karkara 2015ko ira. 25a, 09:40

Helburuak hala nola edo maisutasunez lortzearen artean desberdintasun handia dago. Orio Bk KAE1 Ligan jarraitzea zuen helburu, eta erraz bete dute hasieran jarritako jomuga. Bederatzigarren postuan amaitu dute.

Arraunlariak heztea eta lehen talderako prestatzea da, historikoki, kirol elkarte bateko bigarren taldearen helburua. Horixe da, baita, Orio Arraunketa Elkarteko B taldearena ere; horretan saiatzen da, behintzat, Endika Uranga entrenatzailea.

Baina aurtengoan bazuten beste helburu bat ere: maila mantentzeko intentzioarekin hasi zuten denboraldia Orio B taldeko mutilek. Eta ongi mantendu ere; bederatzigarren postuan amaitu dute KAE1 liga oriotarrek.
Gora ez dugu egiten, baina ezta behera ere. Azkenean, gure maila eustea da garrantzitsuena, badakigu ezin dugula gora begira ibili, zioen Unai Lizarraldek denboraldi erdian.

KAE1 ligan jokatu dituzten 14 estropadatatik sei hamargarren postu, bost bederatzigarren, bi zortzigarren eta hirugarren bat lortu dituzte. Azkenean, bederatzigarren egin dute ligan, Santurtziren aurretik, 58 punturekin.

Lehen taldera begira

Arraunean hasten den edonork lehen taldean arraun egitea du helburu, txikitatik. Umetatik trainerua hor ikusten dugu, punta-puntan, eta gure ametsa hori da. Azken finean, traineruan sartzea da arraunean hastearen arrazoi nagusia, zioen Xabier Arregik.

Bera izan da aurtengo denboraldian lehen taldean debuta egin duen B traineruko arraunlari bakarra. Oso urduri nengoen, beste arraunlariekin alderatuta, dezente, eta denak ni lasaitzen saiatu ziren estropada aurretik.

Getarian ere oriotarrak nagusi

Denboraldi bikain baten ostean, Getariak irabazi du aurten KAE1 liga. Historikoki Orio AErekin harremana izan duen arraun elkartean, aurtengoan ere, sei oriotar aritu dira: Andoni Atorrasagasti, Andoni Campos, Jon Gaztañazpi, Mikel Indo, Josu Makazaga eta Agustin Mujika arraunean, eta Gorka Etxeberria entrenatzaile lanetan.

Liga irabaztea eta Kontxako sailkapen estropadan egindako postu ona izan ziren Getariaren pozak denboraldi bukaeran. Playoffa jokatu eta hainbeste desiotako igoera hura ez lortzea, tristura.

Zumaiarrak dira saltoa egitea lortu dutenak, hurrengo denboraldian TKE ligan jokatuko dutenak. Talde horretan ere badira bi oriotar: Xabier Ostolaza arraunean eta Rafael Gonzalez de Txabarri prestatzaile lanetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!