Arrauna 2015

Aurrerapauso bat gehiago

Karkara 2015ko ira. 25a, 10:02

Hasiberrien ezjakintasunetik helduen esperientzia izatera pasa dira, koska bat egin dute gora, baina, oraindik, salto bat egin dezakete aurrera. Sekula ez etsipenetik, beti konstantziatik, kendu dituzten arantzak eta bete dituzte ametsak.

Arantzak kendu eta kendu ari da Txiki traineruko eskifaia. Iaz Kontxara sailkatzea lortu zuten, eta aurten pasa den urtean hondoratutako helburua lortu dute, Euskotren Ligan nor baino nor ibili diren taldeetako bat izatea. Izan ere, lehian parte hartzeaz harago joan dira, aurten, neskak. Lehiakorrak izan dira.

Koska bat gora

Denboraldiaren hasieran, Eider Zubeltzuk eta Mireia Urangak aurreratu zuten aurrerapauso handia eman zutela iaztik hona; hirugarren edo laugarren postuarekin konformatu gabe, ahal den goren begiratzea da gure helburua.

Eta lortu dute podiumean sartzea. Estropadaz estropada aurkariari hortzak erakustea. Ez daudela besteen itzalean, baizik eta hor daudela. Koska bat gora egin dutela kontziente den arren, emozioz kontatzen zuen Lukene Lizasok hori: Ez gaude ohituta horrelako postuetara. Laugarren ibiltzen ginen beti, ozta-ozta lortutako laugarren postuak, gainera. Baina emaitza hauek ez dira sorpresa izan. Bai, harritu egin digute orain arte lortu ez ditugulako, baina gaitasuna genuela bagenekien.

Gaitasuna dutela sinesten lehendabizikoak eurak izan dira. Konfiantza izaten lehenak, eurak izan dira. Azken finean, norberak ez badu bere buruarengan sinesten, inork ez du sinetsiko, azaldu zuen Onintza Olaizolak. Autokonfiantza horrekin lortu dute norgehiagoka horretan onenen artean egotea. Aurtengo sentsazio onena niretzat ziabogara iritsi eta alboan traineruak ikustea da, aitortu du Lizasok.

Onenen artean egoteaz gain, guztiak aldeko izanez gero, irabazteko kapaz zirela aitortu zuen Klaudio Etxeberriak. Alboan izan duten entrenatzaileak sekula ez du amore eman, eta lanean jarraitu du, urtez urte, arantzak atera eta ametsak betetzeko. Eta neskek irabazteko gogo itzela daukate. Honela aitortu du Maria Gutierrezek: lehen estropadak ondo bukatzea zen helburua eta orain irabazi egin nahi dugu.

Gakoetako bat,  konstantzia

Aurten koska bat igo dute. Nabarmena da hori, aitortzen du Klaudio Etxeberriak. Begi bistakoa da emaitzak lortu dituztelako, eta kronometroa bizkorrago geratzen dute lana gogor egin dutelako. Gogor entrenatu dugu hor egoteko, goian, azaldu du Lizasok. Bide beretik, talde lan handia ari direla egiten azaldu du Olaizola zarauztarrak.

Azken urteetan taldea ez aldatzea ere hobekuntzarako lagungarria izan zaie. Nik uste dut eragin handia izan duela. Nik, adibidez, hasierako urtetan arraunean ibiltzen zirenak dauzkat kuadrillan. Aurreneko hiru urtetan batzuk arraun egiteari utzi zioten, besteak hasi egiten ziren eta ez zen multzoa mantentzen. Azken hiru urtetan, ordea, bai, azaldu du Nadeth Agirre patroiak eta Gutierrezek gaineratu du: nik uste dut horregatik garela onenen artean lehiakorrak.

Hobekuntzaren giltza, bat eginda egotea

Arraunak sakrifizio handia eskatzen du. Arraunak ordu asko lapurtzen ditu. Eta, horrek, taldekideekin denbora ugari igaro behar izatea dakar. Hainbeste urte eta gero, elkar ondo ezagutzen dute Txikiko arraunlariek, eta hori nabari da beren arraunketan. Taldea eginda dago.

Lizasok azaldu bezala, beren artean ondo moldatzen dira. Hiru urtetan ezagutzen duzu nor utzi behar duzun bakean eta nor ez muturtuta dagoenean. Begiratze hutsarekin badakigu besteak zer umore duen, nola dagoen. Eta elkar ondo ezagutzen dugunez, bakoitzarekin nola jokatu behar dugun ikasi dugu. Errespetua eta konfiantza daukagu.

Lehorreko konfiantza horrek uretaratzean seguruago sentitzea dakar. Uretan ere ziur sentitzea. Eta, horrez gain, laguntasunaren ertz guztiak praktikan jartzea: ikusten baduzu aldamenekoa dena ematen ari dela, ezin duzu gutxiago izan. Ondoan sufritzen ikusten duzuna ez da taldekide bat soilik, lagun bat ere bada; hortaz, laguntzeko beharra sentitzen duzu. Enpatia handia daukagu batak bestearekin.

Oraindik hobetzeko adina gogo

Aurten aurrerapauso bat eman arren, oraindik badute zer hobetua. Horretaz jakitun dira Klaudio Etxeberriaren esanetara dauden neskak, baita entrenatzailea bera ere. Kirolariak garen heinean, denboraldi bukaerarako beste salto bat eman nahi genuen. Aurten ezin izan da, aitortu du Etxeberriak. Koska bat gora egiteko gaitasun osoa duen taldea duela sinesten du: talde onena daukat.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!