Udalbatzarrak 2015-2019

Gorabehera handirik gabeko bilkura

Karkara 2015ko ira. 30a, 10:30

Orain taldearen Udal batzordeetako ordezkari titularrak eta ordezkoak izendatu eta bi mozio onartu ziren atzo, irailaren 29an, egin zen ohiko bilkuran.

Udako oporraldien ostean hasi da Udala erritmoa hartzen; ikasturte berriarekin batera, lehen ohiko bilkura egin zuen udalbatzarrak atzo, irailaren 29an. Normaltasunez joan zen plenoa, gorabehera handirik gabe.

Uztailaren 7an egindako ezohiko bilkuraren aktaren zirriborroa mahai gainean geratu zen, hurrengo udalbatzarrean onartuko dute, akta ez baitzuten alderdi guztiek jaso.

Bigarren puntuan, Orain talde politikoaren batzorde informatzaileetako ordezkari titular eta ordezkoak zein izango diren informatu zuen idazkariak. Uztailaren 7ko udalbatzarrean zintzilik geratu zen gaia. Ogasuna, pertsona eta kalitateko batzordeko ordezkari titularra Miriam Uranga izango da eta ordezkoa Joxe Anjel Iparragirre. Berdin, kultura, turismoa eta euskarako eta hirigintza, ingurumena eta gizarte ongizateko batzordeetan ere. Bestalde, obra, zerbitzuak eta hezkuntzako batzordean, kirola eta gazteriako batzordean eta nekazaritza, arrantza, industria, merkataritza eta ostalaritza batzordean Joxe Anjel Iparragirre izango da titularra eta Miriam Uranga ordezkoa.

UEMAn, Iparragirre izango da titularra. Bestalde, UEMAtik ordezkari titularraz gain ordezkoak izendatzeko eskatu dutenez, Miriam Uranga, Aitziber Campos eta Amaia Dorronsoro izendatu dituzte ordezko.

Hirugarren puntuan, 8/2015 zenbakidun kreditua aldatzeko espedienteari onarpena ematen dion alkate dekretuari buruz berri eman zuen idazkariak. Hurrengo bietan, 7/2015 eta 9/2015 kreditu aldaketak onartu ziren, biak aho batez.

Espainiako Talidomidaren Biktimen Elkarteak –AVITE– mozio bat aurkeztu zuen udalean. Bertan, udalbatzarrari talidomidaren biktimei ahobatezko babesa ematea, Grünenthal enpresa farmazeutikoari biktimentzat kalte-ordainak eskatzea eta Espainiako Gobernuari kaltetuentzako biziarteko pentsioak exijitzea eskatzen dio.

Orain taldeak ez zuen bozketan parte hartu 2013ko apirilaren 30eko udalbatzarrean aurkeztutako arrazoiengatik: mozioen gaiak batzorde informatzaileetan aztertuta egon behar dutela uste dutelako mozioei ezezko botoa ematea erabaki zuten. Miriam Urangak esan zuenez, kasu konkretu honetan oso gogorra egiten zitzaigun ezezko botoa ematea eta bozketan parte ez hartzea erabaki dugu.

EAJ, Bildu eta PSEren aldeko botoekin onartu zen mozioa. Emeterio Iribarrek Bilduren baiezkoa kritikoa zela esan zuen, mozioa aurkeztu zuen elkarteak herri honen izaera eta hizkuntza kontuan hartu beharko luketela uste dutelako. Joxe Anjel Zaldua ados agertu zen Iribarrekin.

Azkenik, Amnesty International erakundeak Siriako errefuxiatuen krisiari buruz aurkeztutako mozioa bozkatu zuten. Mozioan Udalak Espainiako Gobernuari honakoa eskaerak egitea eskatzen da: Siriako errefuxiatuei merezi duten erantzuna ematea legezko bide seguruak eskainiz, Nazio Batuen Erakundeko segurtasun kontseiluari Siriako auzia Nazioarteko Zigor Gortera eramatea eskatzea, Siriako Gobernuari eta beste talde armatuei egiten zaizkion arma transferentziak bertan behera utz daitezen sustatzea eta Nazio Batuek krisiari aurre egiteko proposatu duten erantzun planari babes finantzario eta tekniko gehiago eskaintzea. Horrez gain, Orioko udalak errefuxiatuak birkokatzeko hainbat plaza eta gizarteratze prozesurako baliabideak Espainiako Gobernuaren esku jartzeko konpromisoa eskatzen dute.

EAJren, Bilduren eta PSEren aldeko botoekin mozioa onartu zen. Orain taldeak, aurreko mozioan bezala, bozketan ez parte hartzea erabaki zuen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!