Bigarren diskoaren lehen mokadutxoa

Karkara 2015ko urr. 8a, 10:05

Gure eroyak diskoa kaleratuko du Bi bala taldeak hilaren 17an. Gaur, ostegunarekin, I am Basque aurrerapen kanta eman dute argitara, bideoklip eta guzti.

2013ko Bertso Egunean sortu zen Bi bala. Geroztik, bidean aurrera egin ahala, garatzen eta forma hartzen joan da taldea. Orain, bigarren diskoa labean dute, bero-bero, argitaratzeko prest. Gure eroyak izenburupean kaleratuko dute datorren astean, urriaren 17an, larunbata. Aurkezpen kontzertua ere egun horretan bertan izango da, Tolosako Bonberenean. Diska ere hor bertan grabatu dute.

Lehendabiziko diskoan, Wasabin, eginda zituzten kantuak bildu zituzten. Hori dela eta, kantu bakoitzak izaera bat zuen. Orain, kanta bakoitzak izaera propioa izatez gain, abestiek lotura dute beren artean, kantuak diskoari begira egin baitituzte. Gainera, bigarren disko honetan, kantuek pop-rock estilo markatuagoa dute.

Aurkezpena 17an den arren, motorrak berotzeko I am Basque kantua kaleratu dute gaur bertan, irailaren 8an. Maisha MCk zuzendutako bideokliparekin irudia jarri diote kantuari. Bideoklipa Iker Ugaldek grabatu du eta Patrol Destroyeresek ekoitzi. Edizioa ere Ugaldek egin du, Pirexen laguntzarekin. Bonbereneak ekintzak zigilupean, lan berriaren lehen mokadutxoa kaleratu dute, hortaz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!