Ate irekietako astea Ludotekan

Karkara 2015ko urr. 27a, 09:32

Atzo ireki zituen ateak lehendabizikoz Ludotekak, eta urriaren 26tik 31ra bitarte, ateak zabalik izango ditu jendearen artean ezagutzera emateko. Egun horietan ludoteka bisitatzeko aukera izango dute herritarrek 17:00etatik 19:30era.

Ludoteka Udalaren zerbitzu bat da eta Txurrumuski elkarteak gestionatuko du, berak irabazi zuelako lehiaketa publikoa. Iturbide kaleko seigarrenean dago kokatuta Ludoteka, Talai Mendi elkartearen azpian. Ludotekarako bidea igogailuaz gain, Iturbide kaleko arranpatxoak irisgarria egiten du.

Haur Hezkuntzako 5. mailatik hasi eta Lehen Hezkuntzako 4. maila arteko haurrek erabili ahal izango dute. Matrikula egiteko, astearte eta ostirala bitarteko bi egun aukeratu beharko dira. Astelehenak egun librak izango dira, izena emandako edonork joan ahal izango du.

Matrikula hiru modutara ordaindu daiteke. Batetik, azaroan ordaindu daiteke ikasturte osoko kuota, 45 eurokoa. Bestetik, urtarrilean hasi eta ikasturte bukaerara arte ordaindu daiteke, 30 euro; eta, azkenik, apirilean hasi nahi duenak ikasturte bukaera arteko epea ordaindu beharko du, 15 euro.

Ludoteka gune hezitzaile bat izango da, jolas librean aritzeko aukeraz gain, dinamizatutako jolas antolatuak ere eskainiko dituena. Hainbat txokotan dago banatuta espazioa. Beheko solairuan mahai jokoetan jolasteko aukera izango da, besteak beste; erdiko solairuan sormena landu ahal izango dute antzerki eta txotxongiloek txokoarekin; eta, lehen solairua, irakurketa eta eraikuntza lantzeko txokoa izango da.

Ametsa Gaztelekuan eskaintza zabala

LH5etik DBH4ra bitarteko gazteek ere badute aisialdirako gunea, Ametsa Gaztelekua. Jolas, irteera eta ekintza ezberdinen bitartez, lagunekin elkartzeko eta ondo pasatzeko espazio ludiko-hezitzailea da. Astelehen eta ostegunetan 16:45tatik 20:00etara egongo da zabalik, ostiraletan 16:45tatik 20:30etara, larunbatetan 16:30etatik 21:00etara eta igandetan 16:30etatik 20:30etara. Astearte eta asteazkenetan itxita egongo da.
Horrez gain, gaztelekutik kanpo ere egiten dituzte ekintzak, eski asteburuak eta Pirineotako abentura-elkarbizitzak, adibidez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!