Igeldoko Txakur eta Katu Etxeko arduradunari zortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote

Karkara 2015ko aza. 10a, 09:32

Fiskalak urte beteko kartzela zigorra eta hiru urteko gaitasungabetza eskatu zituen akusatuarentzat. Atzo, fiskalak, akusazio partikularrak eta defentsak, zigorraren inguruan akordioa adostu zuten. Zortzi hilabeteko kartzela-zigorra izango du arduradunak.

Soka luzeko gaia da. Iazko irailean itxi zuten Igeldoko Txakur eta Katuen Etxea, epailearen esanetan animaliei tratu txarrak emategatik eta armak baimenik gabe edukitzeagatik. Ertzaintzak ikerketa bat zabaldu zuen eta seiehun orriko txosten bat igorri zion epaileari. Ertzaintzaren ikerketaren arabera, Igeldoko Txakur eta Katuen Etxearen egoera kaskarra zen oso. Baldintza oso desegokietan zegoen zentroa. Eta, hori horrela izanik, epaileak ixteko agindua eman zuen. 

Orain gutxi, Igeldoko zentroko arduradunari animaliei tratu txarrak ematea leporatu diote eta fiskalak urte bateko kartzela zigorra eta hiru urteko gaitasungabetzea eskatu du. Tratu txar horietan zerrendatu ditu, besteak beste: justifikaziorik ez zuten eutanasiak egitea, ikasketarik gabeko albaitariaren esku egotea animaliak, txakurrak ez ateratzea, jaiegunetan jatekorik eta edatekorik ez ematea, egun batean txakurraren zauriak grapekin jostea eta ondorioz hiltzea...

Akusatzailearen esanetan hori ez da, dena den, animaliak modu bortitz batean hil dituen egoera bakarra. Izan ere, animalia batzuk lasaigarririk eman gabe suzko armekin hil zituela dio.

Atzo, Donostiako Zigor arloko hirugarren zenbakiko epaitegian saioa izan zuten eta akordioa adostu zuten fiskalak, akusazio partikularrak eta defentsak. Auzipetua ados agertu da zigorrarekin. Hiru urteko inhabilitazioa ezarri diote eta 900 euroko kalte-ordaina eman beharko dio txakur baten jabeari. Hasieran urte beteko espetxe zigorra eskatzen zuen fiskalak, baina, azkenean, zortzi hilabete izango dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!