Gogora ekarriko dituzte biktima oriotarrak

Karkara 2015ko aza. 9a, 16:19

Bihar, memoriaren egunaren harira, ekitaldia egingo dute Orion. 12:00etan izango da, Memoriaren Txokoan.

Herriko plazatik elizara doan aldapan, Memoriaren Txokoan, ekitaldia egingo da bihar eguerdiko 12:00etan.  Ekitaldian Orioko Udala osatzen duten alderdiek hartuko dute parte, baina herritar guztiei ere zabaldu die Udalak ekitaldian parte hartzeko gonbita, ekitaldia irekia izango baita.

Lore eskaintza egingo da eta, honela, gogora ekarriko dituzte bizitzeko eskubidearen aurkako urraketak jaso dituzten biktima oriotarrak. Eusko Jaurlaritzak herriz herri erradiografia bat egin du, bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak liratekeenak. Orioren kasuan, Eusko Jaurlaritzako agiri informatiboan bost gizon ageri dira: Florentino Lopetegi Barjacoba, Francisco Pascual Andreu, Aurelio Navio Navio, Antonio Gomez Ramos eta Juan Priede Perez.

Lopetegi guardia zibil batekin hizketan ari zela tirokatu zuten. Pascual Ceutan jaioa zen baina Guardia Zibil lanak Orion egin zituen. Su-arma batekin tirokatu zuten, Lopetegirekin hizketan ari zela, Orioko Bihotza diskotekan. Navio Orio eta Aia arteko bidegurutze batean zegoela erasotu zuten Guardia Zibilaren hiru ibilgailuko konboi bati egindako atentatuan. Gomez ere atentatu horretan erasotu zuten, Naviorekin batera. Eta, Priede hiru tiro jota hil zuten Orioko Gure Txoko tabernako barran zegoela.

Horiek dira Eusko Jaularitzako Oroitzapenezko ekintzak eta biktimen aitortza sustatzen laguntzeko udalei eskaintzen zaien agiri informatiboan aipatzen dituzten Orioko bost biktimak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!