Aukera ona galdu zuten erregional mutilek

Karkara 2015ko aza. 10a, 10:40

Ez da asteburu erraza izan Orioko futbol taldeentzat. Sei partidetatik bi irabazi ditu, kadeteen kategorian eta infantilen mailan. Gainontzeko partidetatik bat berdindu dute, ohorezko erregionalek, eta besteak galdu egin dituzte.

 

Aukera ona zuten oso ohorezko erregionalek. Martuteneren aurka jokatu zuten, etxean, Mendibeltzen. Sailkapenean gora egiteko partida ona zen, baina, ezin izan zituzten hiru puntua eskuratu. Banako berdinketarekin amaitu zen partida. Eta, orain, puntu hori eskuratu ondoren, hamaika talde daude bost puntuko tartearekin.

Erregional mailako neskek galdu egin zuten etxetik kanpo, Ostadarren kontra. Hanka okerrarekin hasi zuten partidua, lehen ordu laurdenean, dagoeneko, 2-0 galtzen ari baitziren. Horrez gain, Orioko zuzendaritzak esan duenez, epaileak ez zion batere lagundu taldeari. Aurka izan omen zuten, oso zorrotz, eta amaierako 3-0 emaitzan eragina izan omen zuten epailearen hainbat erabakik.

Ohorezko jubenilek ere galdu egin zuten, 3-1. Etxetik kanpo jokatu zuten partidua, Dunbo Eguzkiren aurka, eta porrotak jaitsiera postuetan kokatu du Orioko taldea. Horitxoen gola Unai Garatek sartu zuen.
Kadeteen kategorian irabazi egin zuen Oriokok, 3-1. Vasconia liderraren aurka jokatu zuten eta sailkapeneko buruari irabazita berak jarri dira lider. Golak Iñigo Genobak eta Gaizka Urangak sartu zituzten, azken honek bi.  
Ohorezko infantilek ere irabazi egin zuten, hauek ere Vasconiaren aurka, 2-0. Golegileak Joseba Zumeta eta Iñaki Alonso izan ziren. Garaipen honen ondorioz Antiguoren atzetik bigarren postuan jarri dira sailkapenean.
Infantil neskek galdu egin zuten. Zarautz talde bizilagunaren kontra jokatu zuten, 2-3. Galdu arren ondo jokatu zuten oriotarrek eta hortzak estutu zizkieten zarauztarrei. Golak Jugatz Adurizek sartu zituen. Kimuek ere galdu egin zuten, 7-1. Oso partidu gogorra izan zen Elgoibarren aurka jokatutakoa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!