Hiru garaipen saskian

Karkara 2015ko aza. 11a, 08:39

Asteburu biribila izan da oriotarrentzat saskibaloiari dagokionez. Jokatutako partida guztiak irabazi dituzte.

Taularen goialdean daude errendimendu mailako oriotarrak. Hirugarrenak dira sailkapen orokorrean. Ordizia eta Ostadar dituzte soilik aurretik. Atzetik bost talde dituzte, puntu gutxiko aldearekin. Jokatutako zazpi partidetatik lau irabazi dituzte eta hiru galdu. Asteburu honetako partida ere irabazi egin dute, Internacional taldearen kontra, 44-50. Datorren larunbatean ere etxetik kanpo jokatuko dute Ostadarren aurka, 16:00etan. Partida garrantzitsua da, puntu bakarrera baitute Lasarteko taldea.

Kadeteek ere irabazi egin zuten, 39-52, Debako Cafes Aitona Askatuak taldearen kontra. Taularen erdialdean daude oriotarrak, bosgarren. Ainara Zamakolak zuzentzen dituen neskek partida guztietan garaipenak eskuratu dituzten arren, lehen jardunaldian izandako akatsaren ondorioz, oraindik ez dute sailkapeneko goiko tokietara iristerik lortu. Asteburuan etxean jokatuko dute, larunbatean, Orioko kiroldegian, goizeko 11:00etan, Atletico San Sebastian taldearen kontra.

Infantilek ere irabazi egin zuten, alde handiarekin, gainera. 20-59 hartu zuten mendean Hernaniko taldea. Talde apalagoa zen haiena eta hasieratik geratu zen hori agerian. Taularen buru dira oriotarrak, liderrak, zazpi partidetatik hiru irabazita. Gauzak horrela, datorren fasean onenen artean izango dira oriotarrak. Iker Gurrutxaga entrenatzaileak esan duenez, jokoa nabarmen hobetu beharko dute itxura ona emateko. Baina, taldearen helburua saskibaloian txukun jokatzea dela azpimarratu du: Gaitasun handiko jokalariak ditut taldean eta emaitzak bigarren maila batean daude. Joko ona egitea lortzen badugu eta sentsazio onarekin ibiltzen bagara, bide onetik joango da taldea. Datorren astean atsedena dute, hortaz, ez dute partidarik jokatuko.

EBAko taldeak porrot gogorra jaso zuen

Unai Eizagirre eta Aitzol Eguskitza jokalariak daude EBAko taldean. Asteburuan Valladoliden aurka jokatu zuten eta partida borrokatua izan arren, ezin izan zuten lehen garaipenarekin itzuli zarauztarrek. 77-72 irabazi zuen Valladolidek.

Datorren partida La Gallofa & Co Cantbasket taldearen kontra izango dute. Santardeko taldea indartsua da, baina Aritzbatalden jokatzearen abantaila dute Lehioako mutilek. Norgehiagoka igandean izango da, azaroaren 15ean, arratsaldeko 18:30ean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!