Difret filma proiektatuko dute gaur Kultur Etxean

Karkara 2015ko aza. 13a, 09:00

Filmazpit programaren barruan antolatu du Udalak zine-emanaldia, euskaraz azpititulatutako zinema sustatzeko

Euskaraz azpititulatutako zinema sustatzea du helburu Filmazpit programak, Donostia Kulturak eta Zineuskadi elkarteak bultzatu dutenak. Programa horren barruan, Orioko Udalak zine-emanaldiak antolatuko ditu eta euskarazko azpitituluak dituzten hainbat film proiektatuko ditu. Lehena gaur, azaroaren 13an, izango da 22:30ean Kultur Etxean. Difret film etiopiarra emango dute, euskarazko azpitituluekin.

2014an Zeresenay Berhane Mehari zuzendariak eginiko filma da Difret eta hainbat sari irabazi ditu, Berlinen eta Sundance zinema-jaialdian, besteak beste.

Addis Abeban, Meaza Ashenafi abokatuak legelari baten babesa behar duten emakumeei eta haurrei laguntzeko sare bat sortu du. Poliziaren eta gobernuaren etengabeko xaxatzeari aurre egin beharko dio. Hala ere, Hirut 14 urteko neskatoa defendatzera ausartuko da. Hirut, ikastetxetik itzultzen ari zela, bahitu eta bortxatu egin zuten, baina berak bahitzaile bat hil eta ihes egitea lortu zuen. Bere buruaren defentsan egin zuen arren, heriotza-zigorra jasotzeko arriskuan dago Hirut.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!