Ibon Huegun: "Helburua, ahal den neurrian, berriz ere Orio txapeldun bat ikustea da"

Karkara 2015ko aza. 12a, 13:28

Duela lau urte hartu zuen Orio Arraunketa Elkartearen gidaritza Ibon Huegunek eta beste lau urtez izango da arraun elkarteko gidari, hau da, lehendakari. Ilusioz gainezka dago.

Zerk bultzata aurkeztu zarete, berriz ere, hauteskundeetara?

Klubari egonkortasuna eta jarraipena falta zaiola uste dugu. Bi arrazoi horiengatik erabaki dugu jarraitzea. Izan ere, azken hamarkadan aldaketa dezente egon dira, nola zuzendaritzan, hala entrenatzaileei dagokionez. Gure asmoa Orio KAE ligan hartu genuenetik, egonkortasuna lortzea izan da. Taldeak jarraikortasuna izango duen proiektua izatea nahi genuen. Duela lau urte hasi ginen bide horretatik lanean eta uste dugu lana amaitu gabe daukagula oraindik, horregatik animatu gara berriz ere aurkeztera, ardura hori daukagula uste dugulako.

Jarraipena, bai. Helburu bakarra hori da, edo Oriok irabaztea behar du?

Bai. Egia da behin taldea TKE ligara pasata, helburua hori dela, ahal den neurrian. Posible bada behintzat, irabaztea, berriz ere Orio txapeldun bat ikustea.

Gero eta zailagoa da hori...

Bai. Momentu honetan maila handia dago, baina guk lana ondo eta txukun eginez gero, ez gaude helburutik hain urrun. Azken hiru urteetan, TKE ligan gaudenetik, San Miguel Ligako eta Kontxako estropada guztietan hor egon gara, banderaren aldeko lehian. Baina koska bat falta zaigu, banderak irabaztea. Garaipen garrantzitsuak, potoloak, lortzea. Saiakera hori egingo dugu, koska hori igotzen eta taldeari egonkortasuna ematen ahaleginduko gara.

Koska emateko, badirudi, harrobiarengan jarri duzuela konfiantza. Garrantzia berezia al du zuretzat harrobia lantzeak?

Guk beti defendatu dugu harrobia. Egia da azken hiru edo lau urteetan ez dela jende asko igo lehen taldera. Salto hori ematea ere oso zaila da, KAEtik TKEko ohorezko mailako urratsa handia baita. Baina gu izan gara azken lau urteetan talde bana eduki duguna kategoria horietan. Horrek esan nahi du lana ondo ari garela egiten eta, pixkanaka-pixkanaka, harrobiko arraunlariek lehen traineruko tosta irabaziko dutela. Harrobian lan handia ari gara egiten, formazio ona ari dira jasotzen eta polita izango litzateke horiek lehen taldean ikustea. Lehen traineruko ia gehienak etxekoak izatea.

Horretarako garrantzitsua izango da A eta B taldeak eskutik emanda aritzea...

Iaz bi taldeek elkarrekin entrenatu zuten eta argi dago filosofia eta lan metodologia hori dela. Senior guztiek elkarrekin entrenatu behar dutela, eta gero, entrenatzaileak aukeratu behar duela nor geratzen den A taldean eta nor B taldean.

Aulki mugikorra egin nahi duten arraunlariak bilatzea kosta egiten zaizue.

Orio beti izan da aulki mugikorrari dagokionez klub garrantzitsuenetako bat. Azken urteetan arraunlarien ikuspuntua aldatu eta askok traineruan jarri dute begirada. Guk ikusten dugunak eta teknikoek diotenak bat egiten dute: aulki mugikorra gaztetatik eginez gero, seniorretan askoz ere arraunlari hobeagoa izango zara.

Guk, hortaz, harrobian aulki mugikorra landu nahi dugu. Saiakera egin nahi dugu mutil eta neska horiek ez uzteko berehala diziplina hori. Seniorretan ere biak lantzea gustatuko litzaiguke, gerora hobeak izango baitira.

Emakumezkoen taldea izan da aldaketa gutxien jasa dituena... 

Gu oso gustura gaude Klaudiorekin eginda lanarekin eta, oro har, azken aldian neskek egin duten lanarekin. Gu zuzendaritzara sartu ginenean herriko oso arraunlari gutxi zeuden taldean. Orain, egonkortuta dago emakumeen trainerua eta proiektu nahiko sendoa osatu dugu. Iaz 20tik gora ziren eta aurten ere talde indartsua izango dute; gainera, ia gehienak, herritarrak izango dira.

Hasierak zailak izan ziren, baina guztion lanarekin eta bultzadarekin, talde sendo eta estrukturatua daukate. Ilusio handia daukagu berekin.

Beste zerbait esan nahi al duzu?

Lau urte pasa dira eta eskerrak eman nahiko nizkieke aurreko zikloan gurekin egon zirenei: arraunlari, entrenatzaile... Lau urteko proiektu honi begira, esan, berriz ere ilusio handiarekin gaudela. Arraunlariekin eta harrobiarekin lan handia egin da eta egingo da, eta lau urte hauetan fruituak jaso nahi ditugu.

Esparru ekonomikoari dagokionez, gure babesle nagusiarekin beste lau urtetako sinatu dugu. Horrek ziurtasuna ematen digu, ekonomikoki. Lorpen garrantzitsua da oso. Urte hauetako babesa aseguratua daukagu eta hori publikoki eskertzekoa da. Babyautori eskerrak eman beharrean nago.

Diruak asko baldintzatzen du, ezta?

Dirua oso garrantzitsua da. Harrobian eta beheko kategorietan diru asko gastatzen dugu. Baina hori, inbertsioa da. Poza ematen du horrelako klub batean horrenbeste neska-mutil ikustea arraunean. Horrek gastua dauka, bai: Banyolesera bidaia, Frantziara, Sevillara... Baina gure filosofiaren parte da hori, harrobia lantzea. Esan bezala, gastua beharrean inbertsioa da. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!