Finala gertu du Gurrutxagak

Karkara 2015ko abe. 4a, 10:13

Eibarren jokatuko da igande honetan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa. Iñaki Gurrutxagak finalerako txartela du jokoan.

Finalaurrekoetako fasea amaituko da igandean Eibarren. Arkaitz Oiartzabal, Felix Zubia, Iñaki Gurrutxaga, Jon Maia, Mikel Artola eta Nahikari Gabilondo igoko dira Astelena pilotalekuko oholtzara. 17:30etan hasiko da saioa eta irabazlea zuzenean sailkatuko da abenduaren 19an Ilunben jokatuko den finalera. 

Horrez gain, saioa amaituta ezagutuko dugu zeintzuk izango diren abenduaren 19ko finalean kantatuko duten zortzi bertsolariak. Oraingoz, Alaia Martin eta Unai Agirre dute txartela ziurtatuta, Zarauzko eta Tolosakofinalaurrekoetan irabazita.

Iñaki Gurrutxagak, hortaz, aukera dauka Donostiako final handian izateko. Lehen sailkatua izanez gero, zuzenean izango da abenduaren 19ko finalean. Bestela, puntu gehien lortu dituzten boskotean izanez gero lortuko du finalerako txartela.

Gainerako finalaurrekoetan bezala, honako lana egin beharko dute bertsolariek:

  • Binaka, gaia emanda, hamarreko handian, hiruna bertso.
  • Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian hiruna bertso.
  • Binaka, gaia emanda, 6 puntuko motzean hiruna bertso
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
  • Kartzela: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Saiorako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. Gaztetxoen sarrera 6 euroan da, Bertsozale Elkarteko bazkideena 10ean eta gainerakoena 13 euroan. Saioko egunean sarrerak aretoko leihatilan jarriko dira salgai,16:00etatik aurrera.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!