Euskaraz bizi-bizi

Heldua den literatur lehiaketako sari banaketa

Karkara 2015ko abe. 4a, 07:53

Euskaraz Gazte literatur lehiaketa hogeitabigarrenez antolatu da aurten. Atzo izan zen sari banaketa, Euskararen Nazioarteko Egunean. 

Jon Agirresarobe, Iñaki Iturain, Marisa Arruabarrena, Alazne Arruti eta Jokin Zumeta. Horiek izan dira sarituak. Epaimahaiko kideak Eli Manterola, Eli Lasa eta Jabi Zabaletak osatu dute eta berak erabaki dute irabazleak horiek izatea. Sariak atzo banatu zizkieten, udalbatzar aretoan, arratsaldeko 19:00etan:

Ipuinen saila

1. saria: Iñaki Iturain
Gerra zibila du abiapuntu ipuinak. Garai hartako kontakizunak era literarioan kontatzen ditu. 300 euro jaso ditu.
2. saria: Jon Agirresarobe
Santiagora bidean dagoen erromesaren paperean jarri da idazlea eta Oriotik Santiagorako bidean gertatutakoak kontatu ditu. 200 euro jaso ditu.

Bertso edo olerkien atala

1. saria: Jon Agirresarobe
Agineko minez Sabinengana joan eta umorez kontatzen ditu dentistarenean izandako gorabeherak. Atal honetako irabazlea izan da bertso horiekin eta 300 euro irabazi ditu.

2. saria: Iñaki Iturain
Oriaren bidaia kontatzen du hamaika bertsotan. Erreka hasi, ibaia bihurtu eta errioan amaitzen den ibilbidea errespatzen du. 200 euro irabazi ditu.

3. saria: Jokin Zumeta
Indonesiarako bidaiaren kontakizuna egiten du zortzi bertsotan. 150 euro irabazi ditu.

Accesita: Marisa Arruabarrena
Erritmo eta musikalitate askoko olerkia idatzi du, oso soila. Sarritan irabazi du literatur lehiaketan saria eta aurten ere saritua izan da, 100 euroko saria irabazi du.

2. Accesita: Alazne Arruti
Kontraste biziko olerkia idatzi du, kostaldeko samurtasuna gerraren gogortasunarekin uztartuz. 100 euroko saria jaso du.

Antolatzaileek aipatu dute iaz baino lan gutxiago aurkeztu direla lehiaketara. Horrek kezka sortu die eta hausnarketa nahiz gogoeta egiteko beharra azaldu dute. Sari banaketaren ondoren solasean aritu dira bertaratutakoak literatur lehiaketa nola hauspotu asmatu nahian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!