Emakume musulmanak elkartzeko gune bat

Karkara 2015ko abe. 18a, 11:21
Argazkia: Ana Iturain

Orioko emakume musulmanen taldea sortu dute meskitan, bi kulturen artean zubi lanak egiteko

Orioko musulmanen hirugarren belaunaldikoek Islama eta hizkuntza arabiarra ikas zezaten ikastaroak antolatu zituzten Orioko meskitan. Horrela ezagutu zuten elkar guraso askok eta, hortik abiatuta, sortu dute Orioko emakume musulmanen taldea.

Astero biltzen dira meskitan erlijioaz, ohiturez, hezkuntzaz, integrazioaz... hitz egiteko. Hainbat jatorritako emakumeak daude bertan: badira hemen jaiotakoak, txikitan etorritakoak eta baita heldutan etorritakoak ere. Islamaren inguruan ezjakintasuna dagoela uste dute eta, horregatik, erlijioaren inguruko pertzepzioa okerrekoa dela zoritxarrez. Bi kulturen arteko zubiak eraikitzea garrantzitsua da emakume musulmanentzat; musulmanek herritar bezala parte hartzea eta tolerantzia egotea.

Lehen elkarretaratzea egin dute dagoeneko

Parisko atentatuen harira antolatu zuten lehen elkarretaratzea Orioko Emakume Musulmanen taldeak. Azaroaren 29an plazan elkartu ziren Frantziako hiriburuan gertatutakoa arbuiatzeko eta Islamak terrorismoarekin loturarik ez duela azpimarratzeko.

 

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!