Euskal Herriko Mus Txapelketaren lehen urratsa

Karkara 2016ko urt. 14a, 08:40

Urtarrilaren 16an, larunbatean, 16:00etan, Euskal Herriko VIII. Mus Txapelketako Orioko kanporaketa jokatuko da, Kolon Txiki tabernan. Izen emateak 20 euroko kostua du bikoteko.

Hordagoa bota eta finalera iristeko asmotan hasiko dute Euskal Herriko VIII. Mus Txapelketa larunbatean oriotarrek. Txapela janzteko helburuarekin banatuko dituzte kartak, joko dute handitara; irabaziz gero, sariak potoloak baitira. 

Larunbateko kanporaketa irabazten duena herrialdeko kanporaketara sailkatuko da. Kanporaketa hori otsailaren 20an izango da. Eta, kanporaketa horren finalean afariak, bazkariak, asteburuko egonaldiak, garaikurrak... izango dira jokoan. Eta, irabazleak, txapela janzteaz gain, Euskal Herriko finalerako txartela lortuko du.

Finala Zuberoako Urdiñaben izango da, Mauletik bost kilometrora dagoen herrian. Eta, final handian bai egongo direla jokoan sari potoloak. Txapeldunak garaikurra eta txapelaz gain, 3.000 euro eta Kariberako bidaia irabaziko ditu, dena barne, lau lagunentzat. Txapeldunordeak garaikurra, 1.500 euro eta bi lagunentzako Kanariar Uharteetara bidaia irabaziko ditu. Hirugarren bikote sailkatuak 750 euro eta lau lagunentzako asteburuko egonaldia eskuratuko ditu. Laugarren sailkatuak 500 euro jasoko ditu eta euskara ikasteko urte osorako bi matrikula. 

Baina, sari horiez gain, seigarren bikote sailkatutik hamaseigarrenera arte sari txikiagoak banatuko dira. Eta, parte hartzaile guztientzat ere izango dira sariak txapelketa guztian zehar, irabazi ala ez. Hortaz, larunbateko kanporaketan ere oroigarriak banatuko dira eskerrak emateko.

Txapelketarako arauak Euskal Herriko Mus Federazioak prestatu ditu. Horiek www.ehmus.eus webgunean eskuratu daitezke, baita lehen saioan ere. Antolakuntzak aurrez jakinarazi nahi izan du epaileen erabakiak mugiezinak izango direla.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!