Bi oriotar Herri People saioan

Karkara 2016ko urt. 14a, 12:08

Atzo ekin zion denboraldi berriari Herri People saioan. Ibon Gaztañazpik egingo ditu aurkezle lanak eta Iker Gurrutxaga erredaktore lanetan ibiliko da. Lehen programan apustuak izan zituzten hizpide, eta, besteak beste, Iñaki Oliden elkarrizketatu zuen Gaztañazpik.

Saskibaloi partidaren ondoren, gaueko 22:15ean, iazko denboralditik ETBn ikusten ez genuen Herri People saioak hartu zuen pantaila. Apustuen inguruan aritu ziren eta, pasa den denboraldian bezala, oraingoan ere Ibon Gaztañazpik aurkeztu zuen saioa.

Mamia ere ez da aldatu. Euskal pertsonaien bilduma osatuko dute, hainbat ogibidetan aritzen diren herritarren istorioak ezagutzera emanda. Atzokoan, esaterako, Iñaki Oliden –oriotarra–, Mikel Mindegia, Iñaki Perurena, Aimar Olaizola, Joxe Mari Olasagasti eta Izeta –aiarra– gertutik ezagutu ahal izan genituen. Kirolari horiez gain, artekariak ere elkarrizketatu zituen Gaztañazpik. 

Kirolaren eta apustuaren arteko lotura estua dela frogatu zuen atzo oriotarrak. Frontoi eta probaleku batean ere izan zen, apustuak egiten. 40 euro jokatu zituen Iribarria eta Merinoren alde. Apustu horrekin 200 euro irabazteko aukera zuen arren, galdu egin zuen jokatutakoa. Idi demetan ere egin zuen apustua: Elosegik 52 plaza baietz, 60 euro. Bigarren honetan ere ez zuen asmatu. 

Apustuak eta elkarrizketak ikusi ahal izateko, atzoko saioa osorik ikusteko: http://www.eitb.tv/eu/bideoa/5414/

Bi oriotar Herri People saioan lanean

Ibon Gaztañazpi ez da EiTBko Herri People saioan lanean ari den oriotar bakarra. Iker Gurrutxaga ere lan taldeko kide da. Erredaktore lanetan dabil Gurrutxaga. Pertsonaiak lotzen ditu, grabaketetara joaten da, informazioa biltzen du... Hortaz, bi dira saioan lan egiten duten oriotarrak. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!