Familia ugarientzako hobariak eskatzeko epea zabalik dago

Karkara 2016ko urt. 15a, 12:16

Ondasun Higiezinen Zergan hobariak izango dituzte baldintzak betetzen dituzten familia ugariak. Otsailaren 29ra arte dago zabalik horiek eskatzeko epea

Izaera urbanoko Ondasun Higiezinen Zergan hobariak ematen ditu Orioko Udalak familia ugarientzat urtero. Aurten ere egin dute deialdia eta eskaerak egiteko epea otsailaren 29ra arte egongo da zabalik.

Izaera urbano higiezin batentzako izango da hobaria, eta gehienez 180.000 euroko balio katastrala dutenentzat. Horrez gain, familia ugariek baldintza hauek bete beharko dituzte hobaria izateko:

1. Familia ugariaren ohiko etxebizitza izatea eta bertan erroldatuta egotea

2. Familia ugariko inor ez izatea beste ondasun higiezinen jabe

Hiru seme-alabako familia ugariek %52,50eko hobaria izango dute, lau seme-alabakoek %63koa eta bost seme-alabakoek %73,50ekoa. Hobarien eskaera udal bulegoetan egin behar da, astelehenetik ostiralera, 8:30etik 14:30era. Bertan emango zaien eskaera orria betetzearekin batera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute eskatzaileek:

  • Familia ugariaren txartela
  • Izaera urbanoko ondasun higiezinaren azken ordainagiria ordaindu izana egiaztatzen duen agiria
  • Zinpeko aitorpena, adieraziz familiako inor ez dela beste ondasun higiezin baten jabe

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!