Bi urre, bi zilar eta bi brontze aulki mugikorreko distantzia luzeko txapelketan

Karkara 2016ko urt. 18a, 08:56

Argazkia: Joxemari Olasagasti

Distantzia luzeko Euskadiko Txapelketa jokatu zen urtarrilaren 17an, igandean, eta sei domina lortu zituen Orio AEk. Bestalde, Gipuzkoako Batel Ligako lehen jardunaldia jokatu zen larunbatean.

Aulki mugikorreko Distantzia Luzeko Euskadiko Txapelketa jokatu zen pasa den igandean, urtarrilaren 17an, Bilbon. Bederatzi ontzitik seik domina lortu zuten; bi urrezko, bi zilarrezko eta bi brontzezko, hain zuzen.

Lauko ontziak izan ziren emaitza hobeenak lortu zituztenak. Kadete mailan emakumezkoek eta gizonezkoek txapelketa irabazi zuten, eta bigarren ontziek hirugarren eta bosgarren egin zuten maila berean, hurrenez hurren. Lemazain gabeko laukoak, kadete mailan, zilarra lortu zuen, eta bigarren ontziak bosgarren egin zuen. Jubenil mutiletan ere bigarren geratu zen lauko ontzia.

Biko ontziarekin hirugarren eta laugarren egin zuten jubenil neskek eta kadete neskek, hurrenez hurren.

Hasi da Gipuzkoako Batel Liga

Urtarrilaren 16an, larunbatean, Pasai Donibanen jokatu zen Gipuzkoako Batel Ligaren lehen jardunaldia. Zortzi ontzi joan ziren Orio Arraun Elkartetik.

Infantil mailan, mutilen A ontziak estropada irabazi zuen, eta B ontziak bosgarren egin zuen. Nesketan, laugarren eta zazpigarren egin zuten. Kadete mutilek ere estropada irabazi zuten eta neskak seigarren iritsi ziren helmugara. Jubeniletan neskek laugarren eta mutilek zazpigarren egin zuten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!