Gurean kolorerik ez

IƱigo Exposito 2016ko urt. 19a, 11:03

Iñigo Expositoren iritzia Bidasoa-Zarautz partidaren inguruan. 

Larunbateko hotz eta goibeltasunaren artean Irungo Artaleku kiroldegira bisita bat egitea pentsatu genuen, kalean bilatu ezin izan genuen berotasuna lortzeko asmotan. Eguraldiak ekar zezakeenaren beldurra alde batera utzi eta jokaleku horretako jazoera berezia ikusteko irrikan ginen, Atorrasagasti eta Azkue, Azkue eta Atorrasagasti nor baino nor gehiago, ezbairik gabe partida berezia, izan ere, ez omen da oso ohiko ekintza aurkaria zure autoan eramatea norgehiagokaren aurretik.

Zuria eta horia, horia eta zuria, Bidasoa eta Zarautz, Zarautz eta Bidasoa, bi eskubaloi talde; baina horren guztiaren artetik, kolore eta emaitzaren gainetik, bi lagun, guretako bi, kuadrillako bi pertsona handi. Derbia izanagatik ere lehiakortasunak ez gintuen kutsatu eta lehen minututik azken minutura zalaparta ederra sortu genuen, hori bai, hori eta zuriei babesa eskainita. Azkueren golak ospatzen genituen, Atorrasagastitarren  defentsa eta golak, eta baita beste maila batean guretakoak sentitzen ditugun horien ekintzak. Harrigarria jokaleku eta inguruan ikus zitezkeen oriotar guztiak. Eskertzekoa Artalekura bertaratu ziren herritar guztiei, haiek ere beren erara euskal derbiak utzitakoaren parte izan ziren.  

Partidaren amaieran horiak izan ziren nagusi, 31-21, baina hori alde batera utzita Atorrasagasti eta Azkue, Azkuek eta Atorrasagastik zerbait gehiago eraman zuten poltsikora, gertuko jende eta beren kuadrillaren babesa, balio berezia duen altxorra.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!